Ostalaritzako ordutegia eta taldeak mugatzeko neurriak onartu ditu gobernuak

Euskalerria Irratia 2020ko uzt. 22a, 12:51

Maria Txibite presidentea, kazetariei adierazpenak ematen.

Lokalak ixteko ordutegi muga orokorra 02:00etan jarri du, eta mahaietan egon daitezkeen taldeak hamar pertsonatara murriztu ditu. 

Nafarroako Gobernuak premiazko neurri sorta berri bat, seigarrena, onartu du kutsatze gehiago saihesteko eta agerraldiak kontrolatzeko. Nafarroako Jauregian egindako ezohiko gobernu bilkuran, prebentzio neurriak jasotzen dituen foru lege dekretu bat onartu da, agerraldiak kontrolatzeko eta osasun publikoa arriskuan jar dezaketen berriak agertzea saihesteko.

Besteak beste, tabernen, diskoteken eta ikuskizunetarako lokalen ordutegia murriztea onartu dute, baita beste lokal batzuena ere, hala nola, elkarte gastronomikoena eta joko aretoena. Era berean, debekatu egin dituzte bizikidetza eta aisialdiko ekitaldiak gaueko ordutegian –herritarrek "botiloi" deitzen dituztenak, adibidez– bide publikoan, goizaldeko 2:00etatik 6:00etara. Halaber, ostalaritzaren esparruan, taldeak mahai bakoitzeko gehienez hamar pertsonatara mugatu dituzte —bizikideak direnean izan ezik—, eta mahai batetik bestera segurtasun tartea mantendu beharko da.

Egoera epidemiologikoa

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak egiaztatu duenez, egoera epidemiologikoa aldatu egin da azken bi asteetan, 15 eta 29 urte arteko adin tartean intzidentzia nabarmen handitu baita. Duela bi aste, kasuen %35 adin tarte horretakoak ziren, eta hurrengo astean, berriz, %65. %5 baino ez da izan 64 urtetik gorakoen artean.

Horregatik, beharrezkotzat jo du prebentzio eta kontrol neurriak abian jartzea, gaixotasunaren transmisioa murrizteko, batez ere aisialdi inguruneetan eta espazio sozialetan.

Hamabost egunez

Neurri horiek hamabost egunez izango dira indarrean, egoera sanitarioak eta epidemiologikoak hala justifikatzen badute, eta beste hamabost egunez luzatu ahal izango dira. Toki erakundeek udalerrietan establezimenduak ixteko ordutegiak murriztu ahal izan dituzte, betiere neurriak haien lurralde eremuari eragiten badio eta osasun egoeraren bilakaeraren arrazoietan justifikatzen bada. Erabakiak foru erkidego osoari eragiten badio, Osasuneko kontseilariak edo zuzendari nagusiak hartu beharko du neurria.

Halaber, osasun agintariei ahalmena emango zaie beharrezkoak diren neurri osagarriak har ditzaten, aldi baterako, behar den denboran eta, betiere, agerraldi lokalizatuak ez zabaltzeko neurri proportzionalak badira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!