Nafarroako Gobernuak Allozko urtegiko sarbidea eta aparkalekuak arautu ditu

Euskalerria Irratia 2020ko uzt. 22a, 12:30

Aparkalekura sartzeko kudeaketa sistema berria. (Nafarroako Gobernua)

Kudeaketa sistema berri bat instalatu du, Lerate eta Ugar hondartzetako aparkalekuetan gehiegizko edukiera murrizteko. Horietara sartzeko 3,5 eta 2,5 euro ordaindu beharko da egunean, hurrenez hurren.

Foru Gobernuak Allozko urtegiko trafikoaren sarbidea eta aparkalekuak arautu ditu, aparkatzeko arazoak konpontzeko eta eremu horren garapen iraunkorra zaintzeko. Hain zuzen ere, Lerate eta Ugar hondartzetako aparkalekuak kudeatzeko sistema berria ezarri du gobernuak.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen Departamentuak iragarri duenez, exekutiboa lanean ari da urtegiaren inguruan "eraztun berde perimetral" bat sortzeko. Gainera, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusia plan bat prestatzen ari da toki natural horren erabilerak eta espazioak antolatzeko eta arautzeko.

3,5 eta 2,5 euro eguneko

Leraten 280 plaza eta Ugarren 230 plaza dituzten aparkalekuetan aparkatu nahi dutenek kreditu txartelarekin ordaindu beharko dute aparkalekua – ez dute ordaindu beharrik izango Ierriko eta Gesalazko haranetan matrikulazio zerga ordaintzen dutenek –. Ordaindu beharreko tarifa eguneko 2,50 eurokoa izango da Ugarren, eta 3,50ekoa Leraten. Aldi berean, bidegurutzeetan eta sarbideetan informazio panel batzuk jarriko dituzte, denbora errealean eremu bakoitzaren okupazio mailari buruzko informazioa emateko.

Allozko urtegiko sarbidea hobetzeko ekintza Explora Navarra sarearen baitan garatzen ari den ekintzen barruan sartzen da, naturguneak eta ibilbideak egungo osasun krisiaren egoerara egokitzeko, bai eta gertuko turismo jasangarria sustatzeko eta jendea biltzeko baldintzak erregulatzeko edo errazteko ere, eremu horretako jarduera eta erabilerak hobeto antolatuz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!