Nafarroako preso guztiak Iruñeko espetxean birkokatzea eskatu du Foro Sozialak

Euskalerria Irratia 2020ko uzt. 21a, 13:10
Foro Sozialak emandako prentsaurrekoa.

Foro Sozial Iraunkorrak dei egin die eragileei "iparra ez galtzeko" eta "iraganean ainguratutako sektoreek markatu nahi duten bidea baztertzeko".

oan den otsailean eta martxoan, Nafarroako Gobernuak Bizikidetzaren Liburu Irekiari ekarpenak egiteko prozesu bat ireki zuen, Nafarroako I. Bizikidetza Plan Estrategikoaren atari gisa. Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak adierazi du plan hori martxan jarri izana begi onez ikusten duela eta Planaren helburua bere egiten duela: "Berdintasunean eta askatasunean bizitzea Nafarroa demokratiko, plural eta askotariko batean”. Gaur, Bizikidetzaren Liburu Irekiari egin dizkioten ekarpenak aurkeztu dituzte Iruñean, bai eta Nafarroako egoeraren inguruko euren ikuspegia plazaratu ere.

Planari egindako ekarpenean, Nafarroan 2016ko ekainean Foro Sozial Iraunkorra sortu zenetik izandako aurrerapenak eta oztopoak aztertu dituzte, bai eta zerrendatu ere.

Presoak gerturatzeko eskaera

Bestalde, egindako ekarpenean baieztatu dute, haien ustez "indarkerien zikloaren ondorioak konpontzea" bizikidetza demokratikoari “ekarpen garrantzitsua” egitea litzatekeela. Horri lotuta, presoaren auziaren konponbidea egungo errealitatera egokitutako espetxe-araudiaren aplikazio esklusibotik abiatzea planteatu dute, eragindako kaltearen aitortza kontuan hartzen duen ibilbide bat ezarriz.

Alde horretatik, pandemian eta konfinamenduan sortutako dinamikak aipatu dituzte, besteak beste, Salhaketak, Sarek, Etxeratek eta Altsasuko Gurasoek bultzatutako SOS Presoak Covid-19. Hala ere, uste dute beharrezkoa dela une honetan aurrerapauso bat ematea, eta pandemiaren ondorioen testuinguruan preso guztiak hurbiltzeko plan orokor bat aurkeztea.

“Helburua preso bakoitza familia ingurunetik hurbilen dagoen kartzelara hurbiltzea da. Eta Nafarroaren kasuan, horrek esan nahi du ohiko bizilekua, familia-ingurunea edo jatorria Nafarroan duten preso guztiak Iruñeko espetxean birkokatu beharko liratekeela”.

Kezka, eztabaida "katramilatu" izanagatik

Azkenik, kezka adierazi dute azken hilabeteetan “eztabaida katramilatu” egin baita Nafarroan: “Elkarren kontrako bi eremutatik tentsionatu da egoera, eta, gure ustez, arriskuan jarri ditu Nafarroan bizikidetza demokratikoaren alde eta konponbidearen erdiko erreia zabaltzearen alde emandako aurrerapausoak”.

Horri lotuta, azaldu dute Foro Sozialak hainbat eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozialekin lan egin duela, eta eragile horiei dei egiten dietela “iparra ez galtzeko”: “Konpondu gabe dauden gaiak konpondu behar dira eta bizikidetza demokratikoaren oinarriak ezarri, hori baita berriz ez gertatzeko baldintzak sendotzeko bidea. Zailtasunak handiak dira Nafarroan, baina argi izan behar dugu Nafarroako gizartearen gehiengoa konponbidearen eta bizikidetzaren logiketan dagoela”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!