Nafarroako itunpeko irakaskuntzako sindikatu nagusiak akordioaren aurka egitea aztertzen ari dira

Euskalerria Irratia 2020ko uzt. 21a, 09:44
UGT, SEPNA eta LABeko itunpeko irakaskuntzaren inguruko prentsaurreko bat, artxiboko irudi batean.

Nafarroako itunpeko irakaskuntzan eta ikastoletan gehiengoa duten sindikatuak —SEPNA-FSIE, UGT eta LAB— Nafarroako Gobernuak uztailaren 15ean onartu zuen akordioaren aurka agertu dira, eta inpugnazioa aztertzen ari dira.

Patronalek eta USO eta CCOO sindikatuek sinatu zuten akordioa, gainontzeko sindikatuen ordezkariak negoziazio mahaitik kendu ostean, ohar batean adierazi dutenez. "Administrazioarekin edota patronalekin negoziaziorik egon ez bada ere, USO eta CCOO sindikatuek (% 1eko ordezkaritza dute guztira) akordio atzerakoi hori sinatu dute, eta SEPNA-FSIE, UGT, LAB eta ELA sindikatuek (% 99) uko egin diote murrizketa horiek onartzeari, are gehiago negoziazio prozesurik gabe", adierazi dute.

Horri Nafarroako Gobernuak hilaren 15ean emandako abala gehitu behar zaio. Itunpeko Irakaskuntzarako Estatuko VI. Hitzarmenaren arabera, akordio autonomikoak enpresa eta sindikatuen gehiengoak sinatu behar ditu. Horregatik, sinatzaileak ez diren lau sindikatuek "tamalgarritzat" jo dute administrazio bat langileen legezko ordezkaritzaren gehiengoa baino gehiago izatea, eta gutxiengo sindikalak sinatutako "akordio antidemokratiko" bat babestea.

Egoera horren aurrean, SEPNA-FSIE, UGT eta LAB azterketa bat egiten ari dira akordioaren aurka egin ahal izateko, eta beste bilera sorta bati ekin diote alderdi politiko guztiekin. Gainera, Arartekoarengana joko dutela ere iragarri dute, eta mobilizazioetara deituko dutela. Hurrengo deialdia ostegun honetan egingo dute, Hezkuntza Departamentuaren aurrean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!