Udazkenean estreinatuko dute 'Non dago Mikel?' dokumentala

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 26a, 13:22

Filmaren kartela aukeztu dute egileek tortura pairatu dutenenganako elkartasunezko nazioarteko egunean.

Irati oihaneko zuhaitzak eta Bidasoa ibaia. Ondoan, Mikel Zabalza zenaren irudia. Iluntasunak inguratzen du, uretan bañera bat ondoratzen ari den bitartean. Hizkiek ‘Non dago mikel?’ galdetzen diote ikusleari. Mikel Zabalza orbaiztarraren auziaren inguruko dokumentalaren kartela da. Gaur aurkeztu dute egileek Katakraken.

Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamas 'Pitu'-k zuzendu dute filma. Azaldu dutenez, Mikel Zabalza atxilotu eta agertu bitartean igarotako hogei egunen kontaketa eginen du filmak. Bi ardatz izanen ditu fimak: "Alde batetik, Ion Arretxe ezagutu dugu, filmaren protagonista izanen da. Mikelekin batera atxilotu zuten eta berak tortura bera eta ondoren horren inguruan egindako hausnarketa azalduko dizkigu. Bestetik, Mikel Zabalzaren ilobak izanen ditugu. Egiaren aldarrikapenean emandako lekuko aldaketa ikusiko dugu". Eitb-k 1985ean hartutako irudiekin osatuko dute filma. 

Udazkenean estreinatuko dute dokumentala. Izar Films ekoiztetxeko Amaia Arandiak argitu duenez nazioarteko zinemaldietara eraman asmo dute. "Zinema aretoetan banaketa mugatu bat ere eginen dugu, Euskal Herrian eta estatuan. Ondoren, Euskal Herriko hainbat txokotara eraman nahiko genuke, kultur etxeetara, esaterako". Eitb-k parte hartzen du proiektuan, beraz, telebista bidez ere izanen da filma ikusteko aukera etorkizunean. "Beste telebista batzuekin ere ari gara hizketan, eta plataformaren batean edo egonen dela aurreikusten dugu", zehaztu du Arandiak.

35 urte

1985. urteko azaroaren 26an atxilotu zuen Guardia Zibilak Mikel Zabalza orbaiztarra, Donostian. Desagertutzat jo zuten. Bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilek Endarlatsara eraman zuten Zabalza, ustezko zulo baten bila, eta ihes egin zuen, Bidasoa ibaira salto eginez. Hogei egun joan ziren, ustez desagertutako tokia goitik behera miatu zuten, eta, azkenean, Guardia Zibilak berak aurkitu zuen gorpua, Bidasoko uretan, abenduaren 15ean.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!