Mendigorrian D eredua ezartzeko eskaera egiteari ezkezkoa eman diote PSNk eta Navarra Sumak

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 24a, 12:03

Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak atzera bota du Hezkuntza Departamentuari Mendigorriko Julian Maria Espinal Olcoz ikastetxe publikoan datorren ikasturterako D ereduko lerro bat ireki dezala eskatzeko mozioa.

Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Duguk batera aurkeztutako mozioak Izquierda-Ezkerraren babesa izan du, baina ez da nahikoa izan, Navarra Sumaren eta PSNren kontrako botoen aurrean.

Mozioa proposatu zutenek azpimarratu zuten, Euskararen Foru Legeak eremu mistoko irakaskuntzari dagokionez honako hau ezartzen duela: "Euskara irakaskuntzan pixkanaka, progresiboki eta nahikotasunez sartuko da, ikastetxeetan euskarazko irakaskuntza ematen den lerroak sortuz, hala eskatzen dutenentzat".

Mendigorriaren kasuan, datorren ikasturtean sei haur D ereduan matrikulatzeko eskaria dago, eta 2021/2022 ikasturterako beste bost ikasleren aurreikuspena. Nafarroako Gobernuak asteartean iragarri zuen 2021/2022 ikasturtean Mendigorrian euskarazko linea bat irekitzeko aukera aztertuko duela.

Bakartxo Ruiz EH bilduko bozeramaileak adierazi du ildoa irekitzea "borondate politiko kontua" dela. Ildo beretik jo du Maria Solana Geroa Baiko bozeramaileak ere: "Mendigorrian D ereduko ikasgela bat ez irekitzeak erabaki politiko bati erantzuten dio, ez dago beste argudiorik, ez baitago hori egiteko legezko arau eragozpenik".

Ahal Dugu-ren aldetik, Ainhoa Aznarezek esan du "justizia sozialeko gaia" dela. Marisa de Simon Ezkerrako bozeramaileak babesa eman dio mozioari, "eskatzen duena Euskararen Foru Legea betetzea" dela argudiatuta.

Jorge Agirre PSNko bozeramaileak bere buruari galdetu dio ea mozioa proposatu dutenak "hezkuntza Departamentuak erkidego honetan indarrean dauden arauak ez betetzea eskatzen ari diren". Navarra Sumako bozeramaile Pedro Gonzalezek adierazi duenez, "araudi bat dago, araudia aplikatzeko dago, eta gobernatzen duenak ulertzen du sei ikaslerentzako lerro bat ukatuz betetzen duela". 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!