Konpainia nafarren aldeko apustua eginda ospatuko dute Erriberriko Antzerki Jaialdia

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 24a, 07:12

Mielotxin eta Lauarin taldeetako kideak. Haiek izango dira inaugurazioan.

Uztailaren 17tik abuztuaren 2ra egingo dute jaialdia, zenbait neurri hartuta. 25 antzezlan eskainiko dituzte; horietako hamalau Nafarroako konpainienak. 

Zalantza ugariri aurre egin ondoren eta beharrezkoak izan diren moldaketa guztiak eginda, Erriberriko antzerki jaialdiak oihala igoko du uztailaren 17an. Abuztuaren 2ra arte, diziplina anitzeko programazio bat eskainiko du, Nafarroako konpainien protagonismo handiarekin, Espainiako poesiatik Europako antzerki garaikidera lelopean. Antzerkiaz gain, musikaz, dantzaz eta zirkuaz gozatzeko aukera ere izango da Erriberriko gazteluaren azpian.

Hala ere, aurrez aurreko eskaintza posible egiteko zenbait neurri hartu dituzte: sartu eta ateratzeko ibilbideak jarriko dituzte, butaken artean hutsuneak utziko dituzte, eta maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da. 

Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol kontseilaria pozik agertu da, zailtasunak zailtasun, jaialdia aurkeztu ahal izateagatik.

Jaialdiaren eskaintza zenbait klasikotan oinarrituko da, hala Nola Lope de Vega, Santa Teresa de Jesús, Adolfo Bécquer, García Lorca edota Cervantes; baina Europako egile garaikideen lanak ere izango ditu, Samuel Beckett, Bertolt Brecht eta Franz Kafkarenak, hain zuzen.

Zehazki, 25 antzezlanekin osatu dute programazioa; horietatik hamalau Nafarroako konpainienak dira.

Jaialdiaren inaugurazioa uztailaren 17an izango da, Mielotxin taldearen eskutik, eta haiekin egongo dira Lauarin dantzariak eta Hutsun txalapartariak ere, musikaz, ikusizko arteaz eta erritmoaz osatutako emanaldi bat eskaintzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!