Krisialdiari irtenbide soziala eman diezaiotela eskatu dute ehunka lagunek Iruñean

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 19a, 14:12

Eskubide Sozialen Gutunak deituta, manifestazioa egin dute Iruñean, Publikoa, funtsezkoa zaindu, aberastasuna banatu lelopean.

Murrizketak ala zerga erreforma. Elkarrizketa soziala ala gizarte eragileak. Funtsean: kapitala ala bizitzak. Talka egiten duten bi eredu horien artean erabakitzeko unea delako atera dira kalera gaur ehunka lagun Eskubide Sozialen Gutunak deituta, argi uztera zein den haiek defendatzen duten eredua: publikoa eta funtsezkoa zainduko duena eta aberastasunaren banaketaren alde egingo duena.

Hego Euskal Herriko gainontzeko hiriburuetan bezala, Iruñean ere manifestazioa egin dute gaur goizean, Osasun Departamentutik abiatuta, parlamenturaino. 

Manifestazioa abiatu aurretik, Karta Sozialeko kide diren ELA eta LAB sindikatuko Nafarroako koordinatzaileak mintzatu dira komunikabideen aurean. ELAren kasuan, Imanol Pascualek azpinarratu du egungo krisiari irtenbide sozial bat eman behar zaiola, eta horretarako "ezinbestekoa" dela fiskalitatean aldaketa sakon bat egitea. Hori lortzeko bidea, mobilizazioa dela gaineratu du.

Bide beretik, LABeko Imanol Karrerak esan du urtarrilaren 30eko greban kalera ateratako aldarrikapen berebekin atera direla oraingoan; alegia, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, 1.200euroko gutxieneko soldata, murrizketak deuseztatzea eta pertsona guztientzako eskubideak bermatzea, besteak beste. Ildo horretatik, Maria Txibite presidenteari zuzendu zaio; exijitzeko gehiengo sozialaren alde egin dezala, bestela, “mobilizazio fase baterako” prest baitaude.

Protesta honetaz gain, gaur elkarretaratzeak eta kalejirak egingo dituzte Nafarroako hainbat herri eta hiritan.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!