Nafarroako 0-3 plataformak alarma egoera bitartean "lidergo eta antolaketa eza" izan dela kritikatu du

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 18a, 18:02

Langileak babesgabe sentitu direla jakinarazi du plataformak. Behar bezalako zerbitzua eskaintzeko ratioak jaisteko beharra azpimarratu dute.

Ziklo hori "komunitatearentzat funtsezko zerbitzua" dela aldarrikatu du Nafarroako 0-3 plataformak, eta, ildo horretan, "alarma egoera osoan izandako lidergo eta antolaketa falta" kritikatu du.

Ohar baten bidez, plataformak deitoratu egin du "0-3 zikloko profesional guztiek jasan duten tratu txarra, Hezkuntza Sailak zuzenean kudeatutako zikloa ez izateagatik", eta horrek, esan duenez, "ondorio kaltegarriak izan ditu profesionalentzat eta, ondorioz, plaza publikoa duten haurrentzat".

"Langile ahulenak, enpresa baten mende daudenak, udalek indarrean zituzten kontratuak bertan behera utzi dituztela ikusi dutenak dira, eta ERTE batera bideratu dituzte erregimen orokorraren menpe daudenak eta autonomoak, Nafarroako Gobernuak onartutako laguntzetara jo behar dutenak", adierazi du 0-3 plataformak.

Ildo horretan, maiatzaren 13an Carlos Gimeno Hezkuntza sailburuari "diziplina anitzeko talde batean parte hartzeko" eskatu ziola azaldu du, "ikuspegi pedagogikoa islatuko zen eskolarako itzulera antolatzeko, osasun neurri orokorrak aplikatzea zaila baita", eta "elkarlan horri jaramonik egin ez izana" kritikatu du.

Azaldu duenez, "orain, berandu eta gaizki, eta hezkuntza komunitatearekin kontatu gabe" Sailak ohar bat kaleratu du haur eskolen irekierari buruz, eta Jaurlaritzak egindako gomendio publikoak "ez dira nahikoak".

Plataformatik "ratioa jaistea" eskatu dute, izan ere, ikuspegi sanitario eta pedagogikotik, "haurrak ikasgelan masifikatzeak espazio handiagoa izatea eskatzen du, distantzia zaintzeko eta norberaren higieneari modu indibidualizatuan erantzuteko". Eta "lantalde baten bidez sailarekin elkarrizketa zuzena" eskatu du.

"Lehen ziklo publiko eta kudeaketa publiko baten alde borrokan jarraituko dugu orain inoiz baino gehiago, hura kudeatzen duten administrazioen aldetik kudeaketa txarraren ondorioak bizi izan baititugu, ez baitute koordinazio eta hezkuntza zikloaren sentimendurik", adierazi dute.

Plataformaren iritziz, "<larma egoera bukatutakoan ireki behar dituzte udal haur eskolak", eta "haur orok hezkuntza publikoa izateko eskubidea" duela defendatu du. "Zerbitzu publiko gisa bere funtzionamenduari berriz ekin behar dio", ondorioztatu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!