Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak Izkierda-Ezkerrak aurkeztutako adierazpen instituzional bat onartu du, Juan Carlos Borboikoaren koadroa parlamentuko areto batetik kentzeko. Hala ere, adierazpenaren beste zati bat ez da aurrera atera, eskatzen zuena parlamentuak babesteko Espainiako kongresuan batzorde bat eratu dezatela, Mekako abiadura handiko trenaren kasua ikertzeko.
Marisa de Simon pozik agertu da erregearen argazkiak ez duelako toki pribilegiatu bat izango parlamentuan, baina, beste zatia aurrera atera ez izanaren inguruan, esan du higiene demokratikoagatik aurrera egin behar zuela, ustelkeria zantzuak “izugarriak” baitira.
EH Bildu, Geroa Bai eta Ahal Duguko bozeramaleek txalotu egin dute Izquierda-Ezkerrak egindako proposamena. EH Bilduren kasuan, Bakartxo Ruizek esan du ez duela zentzurik errege emerituak prestigiozko toki bat izateak parlamentuan; eta, bestalde, kritikatu du Navarra Sumak eta alderdi sozialistak hartutako jarrera.
Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramaileak adierazi duenez, alderdi sozialista "beti agertu da batzorde horren aurka Espainiako Kongresuan eta Senatuan”; hortaz, parlamentuan ere Hori bozkatzea, koherentea da haren ustez. “Baina deitoratzen dut jarrera hori".
Ahal Duguren aldetik, Mikel Builek "aurrerapausotzat" jo du koadroa erretiratzea, eta adierazpen hori aho batez onartutako beste adierazpen batekin lotu du, Billy El Niño frankismo garaiko torturatzaileari dominak kentzea eskatzeko. "Bi pertsonaiek gure herriaren iraganeko historia irudikatzen dute, eta erne egon behar dugu, berriro gerta ez dadin", esan du.