Seroprebalentzia azterketa propioa egingo du udazkenean Nafarroak

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 12a, 11:20

Mila pertsona inguruko laginarekin aztertuko dute antigorputzen presentzia zenbatekoa den.

Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak ostiral honetan Foru Parlamentuan azaldu duenez, bere departamentuak udazkenean koronabirusaren prebalentziari buruzko azterketa serologiko propioa egiteko asmoa du.

Santos Indurainek agerraldia egin du Parlamentuan, Navarra Sumak eskatuta, Espainiak egin duen seroprebalentzia ikerketaren datuen interpretazioa egiteko, eta adierazi du "beharrezkoa" dela egoera "ebaluatzen jarraitzea"; hori dela eta, Nafarroako Gobernuak "seroprebalentzia azterketa gehiago egitea" eskatu du.

Hala, azaldu du gobernuak "udazkenean analitikak egitea" planteatzen duela, "mila pertsona inguruko lagin batean antigorputzen presentzia zehazteko, prebalentzia adin eta sexu taldeen arabera zenbatesteko". "Pertsona horiek Lehen Mailako Arretako mediku jagoleen kupoetan hautatuko lirateke", esan du Indurainek, eta Ministerioak udazkenean beste azterketa bat egitea ere aztertzen ari dela adierazi du.

Gaur egun egiten ari den seroprebalentzia-azterketaren bigarren boladako datuek islatzen dutenez, Nafarroako biztanleriaren ehuneko 6,4 immunizatuta dago koronabirusaren aurrean; ehuneko hori azterlan horren lehen olatuarena baino handiagoa da, non ondorioztatu baitzen populazioaren ehuneko 5,8 immunizatuta zegoela. Sailburuak adierazi du igoera hori ez dela "adierazgarria". Estatu osoan, bigarren boladan immunizatutako populazioa ehuneko 5,2 da. Ziurrenik, bi aste barru izango dira ikerketa horren hirugarren boladaren emaitzak.

Kontseilariak azaldu duenez, datu horiekin, Nafarroak areagotu egin du zaintza epidemiologikoaren sistema; egunero jasotzen du kasu susmagarriei eta baieztatutakoei buruzko informazioa, "eta horrek aukera ematen du kontrol neurriak hartzeko eta epidemia nola doan jakiteko jarraipena egiteko". Zehazki, Osasun Sailak egunero monitorizatzen du kasu susmagarrien eta baieztatutakoen kopurua, berragerraldiak "goiz" detektatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!