Urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren ondotik, LAB sindikatuak prekaritateari aurre egiteko proposamen zehatzak egin zizkien Gobernuari eta patronalari. LABen ustez, proposamen horiek indarrean jarraitzen dute; areago orain, koronabirusaren pandemiak beste krisi batean murgildu gaituen honetan. “Oraingo mehatxua da enplegua suntsituko dela eta murrizketak eginen dituztela”, azaldu du Karrerak proposamenak erregistratzerakoan egin dituen adierazpenetan. “Lasai asko esaten digute milaka eta milaka lanpostu suntsituko direla, baina ez Patronalak eta ez Gobernuak ere ez dute horri aurre egiteko proposamenik egin. Krisi hau, berriz ere, langileok ordaintzea nahi baitute. Baina guk ez diegu hori onartuko, noski”.
Ematen du une honetan eta enpleguari dagokionez gai bakarra dagoela mahai gainean: ABEEE aldi baterako enplegu erregulazio espedienteak osatzea. Karrerak esplikatu duenez, LAB sindikatua ados dago planteamendu horrekin, baina “ez-nahikoa” iduritzen zaio. “Aurrean dugun egoera ikusita, ezin gara epe laburrari begira gelditu, askoz ere harago joan behar dugu. Neurriak behar dira enplegua bermatzeko eta, epe ertain zein luze batera begira, prekaritatea ezabatzeko”.
“Datozen hilabeetan, LABentzat lehentasuna izanen da enplegua babestea, zerbitzu publikoak indartzearekin batera”, erran du Karrerak. “Eta hartara dator gaur Gobernuari eta patronalari egin diogun proposamena, enplegua babesteko eta lan baldintzak duintzeko akordio integral bat bilatzen duena”.
LABek Gobernuari zein patronalari eginiko proposamenen artean badaude sindikatuaren aldarrikapenetan ohikoak direnak -hala nola, 1.200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lan astea, subrogaziorako eskubidea eta politika fiskal berria-, baina baita beste asko ere soldata arrakalaren, kontziliazioaren, ABEEE-en eta kaleratze kolektiboen inguruan ere, adibidez. Proposamen horiei guztiei buruzko azalpenak emateko, bilera bana egiteko eskatu die LABek Gobernuari eta patronalari.