Ikasle nafarrak irailaren 4an edo 7an itzuliko dira ikasgeletara. Horiek dira Hezkuntza Sailak datorren ikasturteari ekiteko aukeratu dituen datak. Ikastetxeek, orain, beren egutegi akademikoa taxutu behar dute sailak ezarritako jarraibideen arabera. Sailak 175 eskola-egun ezartzen ditu gutxienez. Ekainaren 21ean edo 22an amaituko dira eskolak. Bestalde, Hezkuntza Sailak zuzeneko komunikazio-prozesu bati ekin dio hezkuntza-komunitatearekin, datorren ikasturterako Kontingentzia Plana taxutzeko. Plan horretan, irakaskuntza presentzialari berriz ekiteko erronkarekin ari da lanean.
"Datorren ikasturtean ikasgelan ikasleekin egunero hasteko ideiarekin ari da lanean saila", adierazi du Carlos Gimeno Hezkuntza sailburuak. 2020-21erako helburua "modalitate presentziala berreskuratzea" dela argitu du, "beste geldialdi bat larria izan baitaiteke ikasle behartsuenentzat".
Kontingentzia Plan bat egiteko erabakia hartu du. Plan horretan, eszenatoki desberdinak bilduko dira eta ikasleentzako segurtasun- eta osasun-baldintza gorenak jasoko dira. Plan hori ekainaren amaierarako prest izatea espero dute, eta bost arlotan ezarriko dituzte jarduerak:
- pandemiara egokitutako eskola antolaketa (espazioen banaketa, baliabide pertsonalen kalkulua, jarduera osagarriak)
- gaitasun digitaletan prestakuntza
- programazio didaktikoak eguneratzea
- urrutiko tutoretza planetan prestakuntza
- hornidura teknologikoa.
Hezkuntza-erakundeak kezkatuta daude pandemiak datorren ikasturtean izan dezakeen eraginaz. Zehazki, ikastetxeetako zuzendaritzek oso zaila ikusten dute beren ikastetxeetako instalazioetan ikasle guztiei arreta ematea ratioak murriztuz gero eta segurtasun-distantzia bermatu behar bada. Era berean, kolektibo horiek online irakaskuntza bultzatzeko baliabide tekniko gehiago eta prestakuntza hobea eskatu zituzten.
Bestalde, guraso elkarteen federazioek sailari eskatu zioten lan egin dezala ahalik eta ikasle gehien ikasgeletara itzultzea bermatzeko, batez ere Haur eta Lehen Hezkuntzakoak eta hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleenak. Familien kontziliazioa erraztuko duten neurriak esploratzearen alde ere egin zuten, eta garraioa eta jangela eskaintzearen alde, osasun eskakizunak betez.