ELAk salatu du gobernuak ez dituela oraindik ikastetxez ikastetxeko babes neurrien protokoloak egin

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 28a, 10:09
Hezkuntza departamentua.

Antolakuntza eta ardura zentrotako zuzendaritza taldeen gain uztea kritikatu du sindikatuak.

“Egun gutxi falta direnean, oraindik ez dira ezarri zentro bakoitzak behar dituen giza eta material baliabide guztiak datorren astean itzuliko diren ikasle eta langileen osasuna bermatzeko eta klaseen, azterketen eta proben kalitatea bermatzeko”, salatu du ELA sindikatuak ohar baten bidez. Zentroek orain arte jaso dituzten argibideak orokorrak direla eta ez diotela zentro bakoitzaren egoera zehatzari erantzuten adierazi du sindikatuak.

ELAren hitzetan, osasun eta babes protokoloak zentroen gain uztea “administrazioaren arduragabekeria izugarria” izango litzateke. Sindikatuak nabarmentzen duenez, Hezkuntza Departamentuko Prebentzio zerbitzuak ikastetxez ikastetxe diseinatu behar ditu protokoloak eta langileen prebentzio delegatuekin adostu. 

Horretarako, ikastetxe bakoitzeko ezaugarriak eta egoera hartu behar dira kontuan —ikasle kopurua, espazioak, langileak, baliabide materialak…—. Horrez gain, Departamentuko Prebentzio Teknikariek ziurtatu behar dute neurriak lantokietan behar bezala ezartzen direla, eta, ondoren, jarraipena egin, sindikatuak nabarmendu duenez. 

“Hortaz, ezin da ardura hau zuzendaritza taldeen gain utzi, ez baita haien eskumena eta ondorio legalak egon baitaitezke”. Negoziazio prozesu bat “ezinbestekotzat” jotzen du, eta tokian tokiko kontingentzia integraleko planak sindikatuekin adostea, langileen eta ikasleen osasuna eta segurtasuna bermatzeko. ELAko prebentzio delegatuen bidez laguntza eskaintzen saiatuko direla adierazi du sindikatuak, “jakinik Hezkuntza Departamentuarena dela guztion segurtasun eta osasuna bermatzeko ardura”. Arazoak sortuz gero, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua eta joko duela nabarmendu du.

Irakasle premia

Bestetik, ELAk azaldu duenez, Hezkuntza departamentuak zuzendaritza taldeen esku uzten du aurrez aurreko eta urrutiko hezkuntza arreta bermatzeko antolaketa egitea eta horretarako behar diren irakasleak zehaztea ere. “Irakasle gehiago beharko balira ere Hezkuntza ez dago prest kontratazio berriak egiteko. Honek suposatzen du irakasleen lan karga handituko dela ezinbestean, hezkuntza kalitatea bermatu gabe. Dagoeneko lan karga izugarria jasaten ari dira irakasleak eta ezin dituzte ikasle eta irakastordu gehiago hartu bere gain.”

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuari exijitu dio zentroek dituzten irakasle beharrei “behingoz” erantzutea, bai ordezkapenen bidezm baita ikastetxeetara itzulera partzial honetan sortuko diren behar berriak bermatuz ere. “Alerta egoeran irakasle gehiago kontratatu beharrean, plantilak murriztu eta dirua aurrezten ari da Hezkuntza, langileak prekarizatuz, ikasleen hezkuntza eskubidea urratuz eta osasuna eta segurtasuna kolokan jarriz”, laburbildu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!