AHTaren aurrekontua premiazko alorretara bideratzea eskatu dute hainbat eragilek

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 26a, 12:32

´Orain Ardura’ manifestua sinatu dute hainbat eragile, sindikatu eta norbanakok, egungo egoeraren aurrean, administrazioen gastuetan lehentasun sozialak ezar daitezen eskatzeko. AHTaren diru partidak osasun eta zerbitzu publikoak indartzeko erabil ditzatela aldarrikatu dute.

Elkarretaratze jendetsua egin dute Nafarroako Ospitale Gunearen aurrean; bertan ziren, besteak beste, osasun langile zenbait. “Sufrimenduz beteriko aste gogorrak izan dira”, azaldu dute prentsaurrekoan; "erabateko bakardadean hil dira milaka senide, gure osasun langileak jo ta su ibili dira lan baldintza kaskarretan”. Egoera horri helduta eta jendarteak berak adierazitako ardura eta erantzukizunari jarraiki, erakundeei egoerak eskatzen duen mailan egoteko eskatu diete. Osasun krisialdiak zerbitzu publiko indartsuen beharra agerian utzi du eta horiek indartzea izanen da etorkizuneko gakoa.

Zentzu horretan, ardura eskatu diote Nafarroako Gobernuari, eta inbertsio sozialak lehentasuna izan daitezela ekonomiaren berreraikitze planean. Manifestuaren sinatzaileek argi dute: "AHTaren lanak bertan behera geratu behar dira premiazko alorretara aurrekontua irits dadin". Adibideak jarri dituzte aldarrikapena argudiatzeko: Nafarroako Ospitale Guneko laborategi bateraturako eraikina, abiadura handiko trenaren 656 metroko aurrekontua suposatuko luke; edota Iruñea eta Gasteiz AHTarekin lotzeko diruarekin 32 ospitale eraiki ahalko ziren.

Manifestua sinatu dutenen artean dira ELA, LAB, ESK eta CGT sindikatuak, eta Ernai, Bilgune Feminista, Ekologistak Martxan, Nafarroako AHTaren aurkako Koordinakundea eta Fridays For Future Iruñea gizarte eragileak, besteak beste.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!