Txalapartaren 'Antzara Eguna' eleberria hiru hizkuntzatara itzuli dute

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 26a, 10:44
  • Lanaren bigarren edizioarekin batera, katalanezko, galizierazko eta gaztelaniazko itzulpenak argitaratu dituzte.
  • Eleberri grafikoan, Adur Larreak eta Harkaitz Canok Santi Brouarden bizitza publikoa eta pribatua jostu dituzte, garai baten kontaketa osatzeko. 

Santi Brouarden hilketaren 35. urteurrenarekin batera, Txalaparta argitaletxeak Adur Larrea eta Harkaitz Canoren Antzara Eguna eleberri grafikoa argitaratu zuen azaroan. Lehen edizio hura aste gutxi batzuetan agortu zen, eta orain bigarrena eraman dute liburu dendetara. Gainera, lanak beste hizkuntza batzuetara egin du jauzi; katalanera, Pol·len argitaletxeak argitaratuta; galizierara, Demok argitaratuta, eta gaztelaniara, Txalapartak berak argitaratuta.

Eleberrian Adur Larrea marrazkilariak eta Harkaitz Cano idazleak Santi Brouarden intimitatean oinarritutako fikzioa lantzen dute, haren profil publikoa eta bizitza pribatua uztartuz, 1980ko hamarkadako testuinguruan.

1984ko azaroaren 20an, Santi Brouard tiroz hil zuten bere pediatria kontsultan. Julian Sancristobal Espainiako estatuko Segurtasun idazkariak agindua eta dirua eman zion Rafael Masa poliziari, eta horrek Luis Morcillori eta Rafael Sanchez Ocañari ordaindu zien hilketagatik. 

Brouarden heriotzak zirrara handia eragin zuen Euskal Herrian. HASI alderdiko lehendakaria, HBko mahai nazionaleko kidea, Bilboko alkateordea, parlamentaria, mediku pediatra… Bere karisma eta konpromisoagatik, Euskal Herriko hainbat familia politikotan itzal handia izan zuen Brouardek. Horiekin batera, politikari lekeitiarraren beste ezaugarri ezezagunago batzuk ere jaso ditu komiki honek; adiskide eta mediku hurbila, txantxazalea, irakurle amorratua eta euskaltzale petoa ere izan baitzen. 

Horrela, Adur Larreak eta Harkaitz Canok fikzioaren bidez lortu dute Santi Brouarden bizitzaren eta heriotzaren hariak biltzea, ekinbide publikoa eta bizitza pribatua jostea, iragana eta oraina lotzea, garai baten kontaketa bizia marrazteko.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!