Koronabirusak eragindako osasun krisiaren eta ondoriozko krisi ekonomiko eta sozialaren ondorioz, jantoki sozialek asteak daramatzate lanean milaka familiaren elikadura eskariari erantzuteko, eta, Diario de Noticias egunkariak jakinarazi duenez, eskaria %50etik gora hazi da itxialdian. Gainera, datozen hilabeteetan gora egiten jarraituko duela aurreikusten dute gizarte erakundeek.
Elikagaien Bankua, Caritas, Villa Javier, Paris 365 edo Gurutze Gorriaren gisako talde eta elkarteek pandemiaren baldintzetara egokitu dute beren jarduna, funtsezko zerbitzu hori 35.000 pertsonari baino gehiagori ematen jarraitzeko —horietako askori, lehen aldiz—.
Paris 365en kasuan, jantokian artatzen duten pertsonen kopurua %50 baino gehiago hazi da konfinamenduaren asteetan, eta 50 erabiltzaile izatetik 80 izatera igaro da. Halaber, Tuterako Villa Javier jantoki sozialean jantokiko zerbitzua %50 inguru hazi da; 200 pertsona baino gehiago daude, eta horietatik erdiak baino gehiago adingabeak dira. Ildo beretik, Elikagaien Bankuak aldaketa nabarmena ikusi du krisiaren aurretik zeukan joeran: jende gutxiago ari ziren artatzen, baina konfinamenduaren ondoren hori aldatu egin da, eta aste hauetan 2.000 pertsonak eskatu dute laguntza. Bestalde, Caritasen egoera “egonkor” mantendu da, baina dei gehienak elikadurarako direla antzeman dute, lehen etxebizitza edo kontsumoa bezalako beste zerbitzu batzuentzat zirenean.
Krisiaren ondorioak arintzeko, gobernuak eta Gurutze Gorriak 12.748 pertsonari elikadura estaldura emateko programa bat egin dute; horietatik 4.659 adingabeak dira, ikasturtean jantokiko bekak jasotzen zituztenak. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek konfinamenduan detektatu zuten 2.689 familia nafar —8.089 pertsona— kalteberatasun ekonomikoko egoeran zeudela, eta, beraz, programa horretan ere sartu dira. Programa hori familiei ematen zaie, elikagaiekin eta diruz hornitutako txartelekin.