Urruntze politikak dakarren egoera aintzat hartzeko eskatu dio Sarek Espetxeen Idazkaritza Nagusiari

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 13a, 17:23

Espainiako Barne Ministerioak gaur iragarri du Hego Euskal Herriko kartzeletako presoak komunikazioak eta irteteko baimenak berreskuratzen hasiko direla "pixkanaka". Sarek salatu du urruntze politika dela eta euskal presoek ezinen dutela bisitarik jaso eta senideak "zigor gehiagarria" jasaten ari direla.

Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu duten aginduaren arabera, espertxeetan birusari eusteko adostutako neurriak "pixkanaka" murrizteko prozesua abaituko du Espainiako Barne Ministerioak. Hala, presoek komunikazio arruntak, baimen irteerak eta programatutako irteerak berreskuratuko dituzte. Ez denek, ordea. Euskal presoen egoera "berezia" dela ohartarazi du Sare Herritarra plataformak eta hori aintzat hartzeko eskatu dio Espetxe Zuzendaritzen Idazkaritza Nagusiari. 

"Berri pozgarria da hau, baina gogorarazi nahi dugu, euskal presoen senideen kasuan, salbuespen legedia dela eta senideengadik ehundaka eta milaka kilometrotara preso dauden pertsonez hitz egiten ari garela, eta beraz, zirkulazio mugimenduaren debekua dela eta, baimen honen aplikazioa nolakoa izango denaren zain gaude", adierazi du Sarek. 

Itxialdia dela eta, bi hilabete daramatzate motxiladun haurrak euren gurasoak ikusi gabe, espetxe-bisiten debekua ezarri zenetik. 100 haur inguru dira kaltetutakoak: "Bi hilabete luze hauetan haurrek ezin izan dituzte euren gurasoak bisitatu, eta, kasu askotan, bideokonferentzia bidez ere ezin izan dituzte ikusi. Hori da, hain zuzen ere, euskal presoen kolektiboari aplikatzen zaion salbuespen legediak eragiten duen beste errealitateetako bat; senideengan eragin zuzena duen zigor gehiagarri bat, are gogorragoa dena haur txikientzat".

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!