Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak Bigarren Mundu Gerraren amaiera ekarri du gogora

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 12a, 11:12

Ekusketan ikusgai egongo den argazki bat: hegazkin alemaniar bat Kontxan lurreratzen, 1945ean.

Mikroerakusketa birtual bat antolatu du III. Reicharen errenditzearen 75. urteurrena dela eta.

Bigarren Mundu Gerra amaitu zeneko 75. urteurrena betetzen denean, gizadiaren historiako gerra gatazkarik handiena baita, Nafarroako Errege Artxibo eta Artxibo Nagusiak maiatzeko mikroerakusketa birtuala prestatu du gerra hari buruzko zenbait dokumentu erakusteko.

II. Mundu Gerraren amaieraren 75. urteurrena (1945) izeneko mikroerakusketa formatu txikiko erakusketa birtuala da, Interneten bidez bisita daitekeena eta irudiak deskargatzeko aukera ematen duena.

Materialaren artean, alemaniar armadako ofizialen argazkiak daude, Luzaide, Ibañeta eta Orreagan, 1940an, edo Dibisio Urdineko kideen irudiak, Iruñean, 1942an.

Nafarroa II. Mundu Gerraren testuinguruan

Nahiz eta Espainiak ez zuen gerran parte hartu eta herrialde neutral edo ez beligerantea izan, Nafarroako kokapen geografikoa edo dokumentu funts pertsonal batzuek duten aberastasun eta eduki berezia bezalako elementuek eragiten dute Nafarroako Errege Artxiboak eta Artxibo Orokorrak gatazkari buruzko dokumentazio desberdina izatea.

Gerraren lehen fasean, Erroma-Berlin-Tokio Ardatzeko indarrak izan ziren nagusi. Hasierako garai horretan alemaniar tropek frantziar armada garaitu zuten eta Parisen sartu ziren, frantziar gobernua etsaitasunak eteteko akordio bat eskatzera behartuz. Akordio horrek, 1940ko ekainak 22ko Armistizioak, Frantzia bi eremutan banatuko zela ezarri zuen: lehena (iparraldea eta kostalde atlantikoa barne) alemaniar okupazio militarraren pean, eta bestea (hegoaldea eta Mediterraneoko kostaldea barne) Vichy hirian kokatutako frantziar gobernu batek administratua.

Bi eremuen arteko demarkazio lerroa, hain zuzen ere, Espainia eta Frantzia arteko mugan hasten zen, Nafarroan, Arneguy parean. Horregatik, Endarlatsa eta Luzaide arteko mugaren Nafarroako zatia alemaniarren okupazio eremuan geratu zenez, germaniar soldaduek Luzaide edo Orreaga bezalako lekuetara bisitak egin zituzten.

Aldi berean, 1941eko udan Alemaniak Sobietar Batasunari egindako erasoaren ondorioz, Francoren gobernuak boluntario talde baten errekrutamendua antolatu zuen, Sobietar Batasunaren aurka alemaniar banderapean borrokatzeko, Reicheko erregimen nazionalsozialistarekin, komunismoaren aurkako kidetasun ideologikoa zela eta. Unitate honek, Wechmachteko 250. Infanteriako Dibisioa gisa integratuko zena, Boluntarioen Espainiako Dibisioa izena jaso zuen, eta Dibisio Urdina bezala ere ezagutua izan zen. 

Dibisioa 40.000 dibisionariok osatuko lukete. Eta, hain zuzen ere, artxiboak 1942an Iruñean Nafarroako dibisionarioen lehen erreleboetako bati egindako omenaldiaren argazkiak gordetzen ditu, baita 1954an Nafarroako hiriburuan urte horretan Espainiara Sobietar Batasunetik itzuli ziren presoen dibisiodunei egindako harreraren irudiak ere.

Gerraren amaiera

1942ko amaieran, Ardatzeko tropen porrotak, aliatuen aurka, Stalingrado eta El Alameineko guduetan, gerraren ibilbidea behin betiko aldatu zuen. Honela, 1945aren hasieran, tropa aliatuek jada Alemanian bertan borrokatzen zuten, III. Reicha erortzen ari zela.

Gatazkaren azken garai horretatik Emilio de Navasqüés y Ruiz de Velasco diplomatiko espainiarraren —garai hartan Kanpo Arazoetako Ministerioko politika ekonomikoko zuzendari nagusia zena— funts pertsonalean gordetako dokumentu batzuk ikus daitezke erakusketan.

1945eko maiatzaren 8an, Alemaniako goi agintari militarrak potentzia aliatuei III. Reicharen errenditzea sinatu zuen Berlinen, eta urte bereko irailean Japoniako kapitulazioa egin zen. Horrekin, II. Mundu Gerra (1939-1945) amaitu zen, gizateriaren historiako gerrarik handiena, zinean dozenaka milioi pertsona hil baitziren.

Mikroerakusketa ixteko, 1945eko maiatzaren 8an, Europan gerra amaitu zen egunean, Donostiako Kontxa hondartzan Heinkel 111 hegazkin bonbardatzaile baten argazkiak daude. Leon Degrelle SSetako ofizial belgikarrak gidatutako hegazkin horrek larrialdiko lurreratzea egin zuen Gipuzkoako hiriburuko hondartzan, Oslotik Norvegiako indar alemaniarren kapitulaziotik ihesi hegan egin ondoren.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!