Nafarroako Gobernuak argitu du toki publiko edo pribatuetan gehienez 10 pertsona biltzea baimenduta dagoela

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 11a, 18:06

Edozein ordutan mugitzeko baimena ematen da, baina soilik Nafarroan. Osasun eta segurtasun neurriak errespetatu behar direla gogorarazi du gobernuak.

 

Nafarroako Gobernuak argitu du 10 pertsona arteko bilerak trantsizioko I. fase honetan baimenduta daudela, bai etxeetan, bai beste leku batzuetan, peñetan edo elkartetan, bai Foru Komunitateko ostalaritzako establezimenduen terrazetan. Beti ere, beharrezkoa izango da kutsaketak ekiditeko, jada ezagunak diren osasun eta segurtasun neurriak eta distantzia mantentzea.

Fase honetako araudiaren arabera, ez dago ordutegirik familia edo gizarte bilera horietarako, nahiz eta, aurrez ezarritako ordutegi tarteak paseoak edo kirol jarduerak egiteko mantentzen diren. Mugikortasunari dagokionez, I. fase honetan, Gobernuak argitu du ordutegi-tarte zehatzik gabe onartzen dela, baina probintziako mugak gainditu gabe. Etapa honetan debekaturik daude probintzien arteko joan-etorriak, salbuespen hauekin: “osasun, lan, lanbide edo enpresa arrazoiengatik, familia egoitzara itzultzeagatik, adinekoak, menpekoak edo ezgaitasuna duten pertsonak zaindu eta laguntzeagatik, eta egoerak hala behartutako edozein egoeratan”.

Halaber, bizikide ez diren hirugarrenekiko harremanetan, higieneari aurrea hartzeko neurriak gogorarazten dira:

  • Gutxienez bi metroko segurtasun-tartea edo babes fisikorako neurri alternatiboak izatea.
  • Eskuak maiz garbitu ur eta xaboi askorekin edo gel antiseptikoarekin.
  • Arnas etiketa errespetatzea: Eztul egitea ukondoaren angeluan; sudurra eta ahoa eztula egitean erabili eta botatzeko zapi batez estaltzea; eskuarekin ez agurtzea, ezta musuak eta besarkadak ematea ere; eskuak etengabe garbitzea eta bide publikoetan txistua ez botatzea.

Neurri horiek bete ezean, ezingo da topaketarik egin.

Galderen eta erantzunen gida

Gogoratu behar da Herritarren Arretarako Atalak “Normaltasun berri baterantz Trantsiziorako Planari buruzko ohiko galdera ez-sanitarioen gida" jarri duela abian. Gida horretan, herritarrek fase horretan maiz izaten diren zalantzak kontsulta ditzakete. Atal honek, gainera, zerbitzuak eskaintzen jarraitzen du posta elektronikoaren bidez: navarra@navarra.es, 948 012 012 eta 012 telefonoen bitartez, eta https://www.navarra.es/home_es/Servicios/Atildo Herritarra/Chat.htm Harretarako zerbitzu horretan erantzuna ematen dute halaber erregistro orokorreko langileek zein Tuterako bizilagunen harretarako bulegoko kideek, zeinak ateak itxita dituzten. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!