LABek “berehalako neurriak” eskatu ditu supermerkatuetako langileentzat

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 8a, 11:37

LAB sindikatuaren protesta bat, supermerkatu batean. (Argazkia: @LABsindikatua)

LABek “omenaldi gutxiago eta eskubide eta babes gehiago” eskatu ditu langile horientzat: “Orain, txaloetatik harago joateko unea da”.

LAB sindikatuaren arabera, pandemiak agerian utzi du zer beharrezkoa den elikadura merkataritza. “Ehunka langile ibili dira lanean, euren osasuna eta ingurukoena arriskuan jartzen”. Sindikatuak salatu du “inoiz bizitako egoerari” aurre egin behar izan diotela langile horiek: “Lan karga handiarekin, apalak erritmo oso bizietan betez, kutsatzeko beldurrari aurre eginez…”.

“Bitartean, supermerkatuetako langileak heroi edo superkutxazain gisa aurkeztu dizkigute bizi duten babesgabetasuna ezkutatzeko”, salatu du, eta horrek haiengan karga psikologikoa jarri duela nabarmendu du.

Hori horrela, LABek “omenaldi gutxiago eta eskubide eta babes gehiago” eskatu ditu langile horientzat: “Orain, txaloetatik harago eskertzeko unea da”. Langile horiek “hitzarmenak berritzeko aukera izan arte, eta enpresaz enpresako borrokari muzin egin gabe”, hamar neurri zehatz “berehala” aplikatzeko eskatu diete enpresei. Honakoak:  

  • Lan osasuna bermatu. Testak eta Norbere Babeserako Ekipoak langile guztientzat. Arrisku-taldeko langileei ordaindutako baimena. Gaixotasuna edo isolamenduagatiko bajak %100ean osagarritu.
  • Ordaindutako lizentzia egun bat astean, alarma-egoerak irauten duen bitartean
  • Astebeteko oporraldia gehitu, alarma-egoera amaitu ondoren hartzeko.
  • Ebentualak finko bilakatu.
  • Jardunaldi partzialak oso bilakatzeko neurriak, gutxienez 20 ordukotakoak jardunak bermatuz
  • Zuzeneko kontratazio gehiago, ABLEak ezabatuz, lan-gainkargari aurre egiteko.
  • Zaintzarako ordaindutako baimena, bizitza eta lana uztartzeko neurri errealak eskainiz.
  • Igande eta jai egunetan irekitzeko debekua.
  • Dendetako ordutegia mugatu alarma egoerak irauten duen bitartean.
  • 0 Kilometroko produktuak lehenetsi, bertan ekoitzitakoari bide emanez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!