Hezkuntza alorreko arintze plana sindikatuekin negoziatzeko eskatu dio ELAk gobernuari

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 8a, 09:41

ELAk salatu du gobernuak hartu dituen neurrien berri "komunikabideen bidez" izaten ari dela: "Horrek agerian uzten du Hezkuntza Sailak langileekiko duen errespetu falta".

ELA sindikatuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari eskatu dio "sindikatuekin negoziatzeko eta hezkuntza komunitatearekin partekatzeko" hezkuntza arloan deseskalatzeko plana.

ELAk ohar baten bidez adierazi duenez, gobernuak hartzen dituen neurri eta erabakien berri "komunikabideen bidez" izaten ari da, eta langileen ordezkariekin "benetako parte hartze esparrurik edo negoziazio prozesurik" ez dela izan deitoratu du.

Sindikatuak gaineratu duenez, azken egunotan, eta arintze prozesuarekin lotuta, "informazio erabat desordenatua zabaldu da, hala nola Hezkuntza Saila aztertzen ari dela hezkuntza etapa batzuetan aurrez aurreko ikaskuntzari berrekiteko aukera, besteak beste, 6 urtetik beherako ikasleak dituztenetan, edo Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan, edo ikasgela bakoitzeko ikasle kopurua murrizteko aukera".

ELAk bere buruari galdetu dio ea "pedagogikoki posible den 6 urtetik beherako haurrek edo Hezkuntza Bereziko ikastetxeetako ikasleek distantzia sozialari eta segurtasun neurriei eustea". "Gure ustez, hau ez da posible. Egungo egoerak ez duenez bermatzen ez ikasleen eta hezkuntzako langileen osasuna, ezta azken horien lan baldintzak ere, ezinezkoa da ikastetxeak irekitzea ", adierazi du.

Sindikatuaren ustez, "lanera itzultzeak sortzen dituen kontziliazio arazoak enpresa pribatuen interesen arabera kudeatzen ari dira, gure seme-alaben beharrak kontuan hartu beharrean".

ELAk Nafarroako Gobernuari exijitu dio "bere soldata arrunten araberako gizarte prestazioa ezar dezala, familiek testuinguru horretan behar dituzten baimenak izan ditzaten, eta zaintza beharrak lehenetsi ditzala, enpresa mozkinen gainetik".

Sindikatuak deitoratu du Hezkuntza Sailak oraindik ez duela "ikastetxeen jarduera berrabiarazteko plan edo prozedura zehatzik helarazi edo argitaratu". Egoera horren aurrean, "hezkuntza sektorean deseskalatzeko plana sindikatuekin negoziatzeko eta hezkuntza komunikazioarekin partekatzeko" eskatu dio ELAk Hezkuntza Sailari.

Eskatu du, halaber, arintze planak "lehentasuna eman diezaiola osasun irizpideak aplikatzeari eta irizpide pedagogikoak kontuan har ditzala, gure hezkuntza sistemari irizpide horien esparruan hartu beharreko neurriak aurrera eramateko beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak ahalbidetuz eta emanez". "Argi dugu horrelako planteamendu bat ez dela erreala ikasturte honen amaierarako, eta ezinbestekoa dela datorren ikasturtearen hasiera planifikatzea, egungo egoeraren neurrira egoteko", adierazi du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!