Genero indarkeriagatik 127 salaketa jarri dituzte Nafarroan, alarma egoera hasi zenetik

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 7a, 15:31

Remirezek presidenteordeak esan du "alarma egoera ezarri zenetik hainbat ekintza" egin direla, "biktima diren emakumeen arreta indartzeko eta baliabide guztien funtzionamendua bermatzeko".

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko Presidentetza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak ziurtatu duenez, Gobernuak "blindatu egin du genero-indarkeriaren biktimei ematen zaien arreta salbuespenezko egoera honetan" eta zehaztu du alarma-egoera hasi zenetik 127 salaketa jarri direla indarkeria matxistagatik polizia-kidego ezberdinetan.

"Nafarroako Gobernuak, INAIren bidez, blindatu egin du salbuespenezko egoera honetan biktimei ematen zaien arreta, osasun-berme guztiekin, bai erabiltzaileentzat, bai talde profesionalentzat, Covid-19ren aurrean gomendioak betetzen direla ziurtatzeko", adierazi du.

Azaldu duenez, "hasiera-hasieratik baloratu zen emakumeei arreta integraleko taldeak, arreta-bulegoa eta harrera-baliabideak irekita, funtzionamenduan eta artatzeko moduan egongo zirela transmititzearen garrantzia", eta helburu horrekin informazio-kanpaina bat egin zen, martxoaren 16an hasi zena.

"Hasiera-hasieratik, taldeek telefono bidezko arreta bermatu zuten, baita larrialdietarako aurrez aurreko arreta ere", zehaztu du Remirezek, eta gaineratu du harrera-baliabideetan ere "estaldura onena eman zaiela uneoro genero-indarkeriaren biktimei eta haien seme-alabei".

Gainera, indarkeria egoerak areagotuko direla aurreikusten denez, gizarte osoarentzako kontzientziazio kanpainak egin direla eta "polizia-kidegoekin koordinazio estuan" lan egin dela azpimarratu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!