Foru Ogasunak ohartarazi du telefono bidezko iruzurrak egon daitezkeela errenta aitorpenaren kanpainan

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 7a, 10:45

Ogasunak azpimarratu du inoiz ez diela herritarrei telefono bidez isilpeko datu pertsonalik eskatuko. Halako deirik jasoz gero salatzeko eskatu du.

Foru Ogasunak atzo jakinarazi zuen herritar baten deia jaso zuela, esanez pertsona batek ogasunaren izenean deitu ziola, eta errenta aitorpena egiteko datu pertsonalak eskatzen zizkiola, aurrez aurreko hitzordurik ez baitago. Iruzur saio bat izan zen. Nafarroako Gobernuak azpimarratu du ogasunetik ez dietela herritarrei deituko hitzordua hartzeko, zergadunek egin behar dutelako. Ogasunak gogorarazi zuen, halaber, inoiz ez diela herritarrei telefonoen bidez isilpeko datu pertsonalik eskatuko, hala nola NANa eta PIN zenbakia edo banku kontua. Hori dela eta, eskatu zuten norbaitek dei bat jasoz gero, datu horiek eskatzeko, ez diezazkiola inoiz eman, eta gertatutakoa ogasunaren edo poliziaren aurrean salatu dezala.

Errenta aitorpenaren kanpaina zaila izaten ari da Nafarroako Gobernuarentzat. Bide telematikoaren aldeko apustua egin du, baina atzo azpimarratu zuen, izurriteak bere horretan jarraitzen badu, behar duten herritarrek aurrerago egin ahal izango dutela, aurrez aurre, orain arte egin den bezala. Era berean, gogoratu zuen kanpaina ez dela uztailaren 20ra arte amaitzen, eta, beraz, denbora egongo dela egiteko.

Izan ere, ogasunaren webguneak arazoak izan zituen atzo goizean. Trafikoa nahiko handia izan zen goizean goizetik, milaka herritar saiatu baitziren aitorpenaren proposamena jaso ote zuten egiaztatzen. Arratsaldeko seietarako, 87.203 pertsonak egin zuten hori jada, 61.000 kontsulta baino gehiago eginak ziren aurtengo edo aurreko urteetako aitorpenetan, eta 1.411 pertsonak aurtengo aitorpena osatua zuten.

Une honetan, ogasuneko langileen % 90telelanean ari dira eta erakunde laguntzaileak antzeko egoeran daude. Aurten aitorpena egiteko oztopo nagusia ez da izango soilik langileak eta herritarrak bulegoetara joatea, dokumentuen kudeaketa baizik, kutsatzeen iturri izan baitaitezke. Hala, erakunde batzuek bezeroei beharrezko dokumentuak eskaneatuta emateko eskatu nahi diete. Kasu gehienetan, nahikoa izango da beharrezko dokumentuen argazki bat bidaltzea sakelako telefonotik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!