Nafarroako Gobernuak nazien eremuetara deportatu zituzten 58 nafarren errolda argitaratu du

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 5a, 11:38

Erroldan jasotako fitxetako baten irudia. (Nafarroako Gobernua)

Ekimen horrekin, gobernuak bat egin du Mauthausengo kontzentrazio esparruaren askapenaren 75. urteurrenarekin.

Nafar deportazioa nazien eremuetara egitasmoa Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuko Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak eta haren Memoriaren Nafarroako Institutuak sustatu dute, eta Deserri proiektuaren barruan kokatzen da, deportazioa eta, sarritan, sarraskia jasan zuten pertsonak gogorarazteko helburuarekin.

Egitasmoa zuzendaritza nagusiaren webgunean dago eta Mauthausen, Gusen eta Dachauren gisako eremuetara deportatutako 58 nafarren zerrenda erakusten du. Hiru kategoriatan banatu dute zerrenda: Hildakoak eta desagertuak, Iheslariak eta Askatuak. Nafarroako hainbat herritako kasuekin osatu dute: Altsasu, Bera, Los Arcos, Mendabia edo Erriberri, besteak beste. Zerrenda osatzeko, deportatutako pertsonen banakako fitxen irudiak ageri dira.

Kontzentrazio esparruetan gertatu ziren sarraski jarduerek hainbat herritar nafarri eragin zieten; 1936ko kolpe militarraren, gerraren eta diktadura frankistaren garaipenaren ondorioz erbestealdi behartuaren ondorio dramatikoak aspaldidanik pairatzen zituztenei, besteak beste. Erbestea, Nafarroaren kasuan, matxinadaren lehen egunetan hasi zen eta 1939ko otsailetik aurrera areagotu egin zen, tropa frankistek Katalunia okupatu zutenean. Estimazioen arabera, 500 nafar baino gehiago iritsi ziren Frantziako lurraldera, eta han, lehenik, atxilotze eremuen nekeak ezagutu zituzten; lehenik Mediterraneoko hondartzetan, eta ondoren, beste toki batzuetan; Gurseko zelaia da nabarmentzekoa.

1939ko irailetik aurrera, eta, batez ere, 1940ko abuztuaz geroztik, ihes egindako pertsona askoren egoera larriagotu egin zen; izan ere, alemaniar armadak atxilotu zituenean, atxilotze eta sarraski eremuetara eraman zituzten, eta, ondoren, haietako asko hil egin zituzten, agintari frankisten adostasunarekin.

“Errolda bizia”

Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, deportatutako nafarren behin-behineko erroldak bi helburu ditu. Alde batetik, "gizarteari, oro har, eta deportatuen familiei, bereziki, deportazioaren fenomenoaren inguruan arreta deitzea, ikertzaileei edo familiei beraiei laguntza eskatuz errolda hori zabaltzeko edo zuzentzeko".

Bestalde, “ikerketa proiektu baten abiapuntua izan nahi du, nafarren erbestearen ezaugarriei eta adierazpenei buruzko argibide gehiago emateko eta 1936ko kolpe militarraren ondorioz erbestera behartuta egon ziren pertsonen errolda batera hurbiltzeko".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!