BPGa %4,1 jaitsi da Nafarroan aurreko hiruhilekoarekin alderatuta

Euskalerria Irratia 2020ko api. 30a, 11:11

Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Internet bidezko prentsaurrekoan. (Argazkia: Nafarroako Gobernua)

Aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, % 2,8 egin du behera. COVID-19ren kolpea erakusten duten datuak dira; izan ere, otsailera arte datuek hazkundea erakusten zuten. 

2020ko lehen hiruhilekoan, BPG barne produktu gordina %2,8 jaitsi da Nafarroan, aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, eta %4,1 2019ko azken hiruhilekoarekin alderatuta. Kopuru horiek COVID-19aren pandemiak jarduera ekonomikoan dituen ondorioak islatzen dituzte; izan ere, otsailera arte, egoeraren araberako adierazleek hazkunde egonkorraren bidea erakusten zuten.

Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak esan duenez, kopuru hori "datorren hiruhilekorako espero dezakegunaren aurrerapena izan daiteke, jarduera ia minimoetan egongo baita, gutxienez maiatzaren 9ra arte".

Martxoko zifrek erakusten dute behera egin dutela bai eskaintza adierazleek bai eskari adierazleek. Aipatzekoak dira hoteletako ostatu-gauen beherakada (%62,5 jaitsi da aurreko hilabetearekin alderatuta) eta autobide bidezko ibilgailuen trafikoarena (%45,3 jaitsi da). Gainera, turismoen ekoizpenean %48,9ko beherakada izan da, eta argindarraren kontsumoan, berriz,%3,0koa. Datu horiek industrian eta zerbitzuetan jarduera asko jaitsi dela iragartzen dute.

Eskariari dagokionez, autoen matrikulazioak (%68,5 jaitsi dira) edo txikizkako merkataritzaren indizea (%14,0 egin du atzera martxoan) bezalako adierazleek kontsumoan geldialdi handia egon dela adierazten dute.

Enpleguari dagokionez, datuek suntsipen zifrak erakusten dituzte, batez ere zerbitzuen eta eraikuntzaren sektoreetan, eta suntsiketa hori bereziki handia da, besteak beste, ostalaritzan, merkataritzan edo enpleguarekin lotutako zerbitzuetan, martxoaren erdialdetik aurrera jarduera ia geldituta baitute.

Zalantzazko etorkizuna

Etorkizunari dagokionez, Nafarroako Gobernuak aurreratu du "egungo ziurgabetasunak ia ezinezko egiten duela hurrengo hiruhilekoetako jarduera ekonomikoaren bilakaerari buruzko aurreikuspen egonkorrak egitea". Hala ere, Saizen arabera, Nafarroan BPGa %6'4 eta %9 artean uzkurtzea aurreikusten duen agertokiarekin lan egiten da 2020an.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!