Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak 12.000 argazki zahar biltzen dituen webgunea sortu du

Euskalerria Irratia 2020ko api. 29a, 14:04
Vicente Gironesen argazki bat. (www.fototecanavarra.es)

Hamarkada bat behar izan dute Nafarroako argazkilaritza ondarea antolatu eta berreskuratzeko; www.fototecanavarra.es webgunean kontsulta daiteke, eta argazki berriak argitaratu ahala berrituko dute.

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak herritarren eskura jarri ditu Foru Erkidegoko azken ehun urteko historian, 1860tik 1969ra bitartean, izandako ibilbidea erakusten duten 12.000 argazki baino gehiago. Horretarako, www.fototecanavarra.es webgunea sortu du, eta bertan antolatu eta bildu du instituzioak gorde duen Nafarroako argazkilaritza ondarea. Webgune horren bitartez 21 funtsetik eskuratutako eta digitalizatutako argazki zaharrak kontsulta daitezke.

Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, argazkien erdia baino gehiago bost funts insituzionaletatik jaso dute. Horien artean nabarmentzekoak dira Nafarroako Monumentu Historiko eta Artistikoen Komisioaaren 792 argazki, 1861 eta 1935 urtekoak, XX. mendean gauzatutako berritze lanen aurreko arkitektura zein ondare artistikoaren errediografia aurkezten dutenak.

Bestalde, familiek eta norbanoek emandako hamasei funtsetatik bildutako argazkiak ere badira. Garrantzitsuenak José Galleren gisako argazkilari profesionalek edo Julio Altadill, Carlos Amat, José Belzunce, José Martínez, Alberto Oficialdegui, José Velasco, Fidel Astiz, Eugeniusz Frankowski, Juan Ciganda eta Ángel Martínez zaletuek egindakoak. Bestalde, Julio Altadillen, Nafarroako argazkilari amauteur aitzindariaren, argazki gehienak biltzea lortu da, guztira 1.364 irudi.

Azkenik, aipagarria da Mariano Ansó, Victoriano Aoiz y del Frago, Arturo Campión, Generoso Uharte eta Iráizoz Astiz familiek emandako funtsak, zeinak irakurketa gehigarriak eskaintzen dituzten, batez ere, Nafarroako estudio profesionaletan ateratako argazkien bitartez.

Familien eta norbanakoen funts horiek guztiak Nafarroako Errege Artxibo Nagusian zaintzen dira egileek hala eskatuta, eta kasu gehienetan dohaintzan eman dituzte. Artxiboak argazkien zaintza eta mantenua bermatzen du eta berreskuratu eta digitalizatu nahi dituztenen esku jartzen ditu. Argazki zaharrak dituztenek eta instituzioei emateko nahia dutenek langile teknikoekin hitz egin dezakete archivogeneral@navarra.es e-postaren bitartez.

Lan teknikoak

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak hamar urte baino gehiago behar izan ditu Nafarroako argazkilaritza ondarea antolatu eta berreskuratzeko. Egun, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak Nafarroako Fototeka programa garatu du, zeinak berreskuratze, digitalizazio, historia eta artxiboko adituak biltzen dituen ondare historiko bakar horiei behar duten tratamendua emateko.

Une honetan aipatutako 21 funts horien gaineko lan teknikoak amaitu dira eta jada sarean eskuragarri daude; orain, beste 33 funtsetako argazkiekin ari dira lanean. Zehazki, katalogatzeko bidean daude Aireko eta Lurreko Argazkiak eta Santa María del Villar Markesaren funtsa, eta laster ekingo zaio Real Defensa Markesen eta Jesús María Lacasiaren argazki funtsen lanei. Lan horiek amaitu ahala Interneteko katalogoa eguneratuko da.

Orain arte argazki guzti horiek Nafarroako Errege Artxibo Nagusian bakarrik ikus zitezkeen, egun, ordea, Interneten argitaratzearekin batera gizarte guztiaren esku jarri dira.

Argazkien kontsulta Nafarroako Fototekaren bitartez egin daiteke www.fototecanavarra.es webgunean. Bertan argazkiak antolatuta daude eta Artxibo Irekia bilatzailearen bitartez (www.archivoabierto.navarra.es) deskribapenen bidez kontsulta daitezke argaziak eta aurrebista eskuratu.

Modu horretan, Artxibo Irekia bilatzailea Nafarroako artxiboetatik datozen lehen iturriak linean kontsultatzeko lehen baliabidea da. Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko eta Nafarroako Artxibo Garaikideko 266.000 erregistro deskribatzaile baino gehiago biltzen ditu, XIII. eta XXI. mendeetakoak. Nafarroako Gobernuak “Internet bidez dokumentu-iturri historikoak hurbiltzeko egindako apustua” da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!