Joxe Ulibarrena eskultore eta etnografoa hil da

Euskalerria Irratia 2020ko api. 21a, 10:50
Joxe Ulibarrena, Aretako etnografia musona. Argazkia: Dani Blanco (Argia).

Nafarroaren historia eta etnografia landu zituen sorkuntzaren bitartez, eta 10.000 pieza baino gehiago bildu zituen Aretako etnografia museoan. Atzo zendu zen, 96 urterekin.

Nafarroako historia eta etnografia izan zituen pasio Joxe Ulibarrena eskultoreak: mendeetan garatutako ezagutzak, jende xumearen jakintza, etnia nafarra, euskara... Osasunak utzi zion artean horiek lantzen eta ikertzen aritu zen, zura, harria eta buztina lanabes izanik. Horretarako sortu zuen Aretako etnografia museoa, eta 10.000 pieza baino gehaigo bildu zituen han. 

Azkoienen jaio zen, 1924ko urtarrilaren 25ean. Gudak zeharo markatu zuen haren bizitza. 1936ko gerraren hasieran, hamaika urte besterik ez zituela, 46 urteko aita eta 15 urteko lehengusina erail zizkioten. Hori dela eta, memoria historikoa oso presente egon da beti haren lanean. 

Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolan eskulturgintza ikasi zuen, eta 1945 eta 1947 urteen artean Burgosen aritu zen lanean, Valeriano Martínez eta Eulogio Valladolidekin batera. Hogei urterekin beka bat Jaso zuen Parisen Arte Ederrak ikasteko. Han Marcel Gimod, Picasso, Juan Gris, Kandisky edo Jean Paul Sartrerekin harremana izan zuen. Geroago Venezuelara joan zen bizitzera, eta zazpi urte igaro zituen han. Venezuelan euskara ikasi zuen, Jose Estornes Lasaren laguntzarekin, eta Caracasko euskal etxearen sustatzaile izan zen.

Nafarroara itzultzerakoan, Mariscal don Pedro de Navarra Fundazioa sortu zuen, haren museo etnografikoaren sustatzailea. Museoa XVII. mendeko Fantikorena etxean jarri zuen, eta 10.700 pieza baino gehiago bildu zituen han, historiaurretik eta XX. mendearen hasierara artekoak. Reyes Ilintxetak Argia-n egindako elkarrizketan, Ulibarrenak esan zuen pieza horiek biltzen zituela “gure arbasoek jakintza zuten ala ez jakiteko”. 

Bere burua definitzeko eskatuta, “eskultore eta besterik ez” zela esan zuen elkarrizketa horretan: “Nik zaletasun handia dut, eta beti umilki eta zutik jarraitu nahi dut horrekin”.

Haren eskulturarik ospetsuenen artean Sartagudako Memoriaren Parkekoa dago. Fusilatu ondoren, balek zulatuta elkar besarkatzen duten hiru giza irudi irudikatzen ditu. Era berean, ezagunak dira Noaingo guduarena edo Altsasuko intxaurrondo zizelkatua, besteak beste.

Ulibarrena atzo hil zen, 96 urte zituela, Utergan, bere alabetako baten etxean, neumonia baten ondorioz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!