Azken asteetan COVID-19 gaitza hizpide bihurtu da gizarte osoan, eta etorkizunean ere hala izaten jarraituko du. Egoera berri horrek hitz berri asko ikastera bultzatu du jendartea. Oro har, albisteetatik nahiz osasun arduradunen esanetatik jasotzen ditugu hitzok, eta horietatik ohikoenak jasotzeko saioa egin du Euskaltzaindiak UZEIrekin batera prestatu duen lexiko berrian. Hemen deskarga daiteke Koronabirusaren oinarrizko lexikoa.
“Lexikoan oinarritzat hartu dira Euskaltzaindiaren hiztegi arauemailea (Euskaltzaindiaren Hiztegia) eta Euskalterm terminologia-banku publikoa, beste iturri batzuen artean”, azaldu dute ohar batean. “Horiekin batera, euskarazko komunikabideetan (orokor nahiz eta espezializatuetan) pandemia honi buruz hitz egiterakoan nagusi den erabilera ere kontuan hartu da”. Hala ere, ohartarazi dute koronabirusaren oinarrizko lexikoa “gaiarekiko lehen hurbilpen-saioa” baino ez da, eta, beraz, ez dela prestatu “exhaustiboa” izateko helburuarekin.
Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak UZEI Euskaltzaindiaren erakunde atxikia izatea erabaki zuen iaz, eta bi erakundeen arteko lankidetzaren emaitza da gaur plazaratu duten lexikoa.