Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eskabidea aurkeztu du gaur Euskarabidean, Nafarroako Gobernuak “lehenbailehen” bide eman diezaion Mendigorriko D ereduaren auziari. Behatokiak Mendigorriko gurasoen eskaerak bere egin ditu, eta egoera “ulergaitza” dela salatu du: “Mendigorriko gurasoek urtez urte D ereduaren alde egin arren, Nafarroako Gobernuak ez du euskarazko eredurik ezarri eta ez du zehazten etorkizunean eredu hori ezartzeko asmorik duen”.
Mendigorriko Julian Maria Espinal Olcoz ikastetxe publikoko guraso talde batek 2015ean ekin zion euren seme-alabek euskaraz ikasteko zuten eskubidea aldarrikatzeari. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza delegaritzak, aldiz, ez du bidea ireki Mendigorriko gurasoek aukera hori izan dezaten.
Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak ezinbestekotzat jo du euskarazko irakaskuntza lerroak sortzea: “Nafarroa guztian bezala, Mendigorria bezalako herri txikietan berebizikoa da etorkizunerako haurrak herrian bertan euskaraz ikasteko aukera izan ahal izatea, are gehiago, herrian instalazio egokiak dituen zentro bat izanik”. Eskaera horri erantzuna emateko aukera dagoela nabarmendu du.
Bestalde, Gaubekak azpimarratu du ez dela “guraso batzuen eskaera” bati lotutako auzia, baizik eta Nafarroako hainbat herritako haurren eskubideez eta herri hauetako eredu kultural eta soziolinguistikoari lotutakoa dela. “Eta argi gelditen da Nafarroako egungo marko juridikoak ez duela beharrezko babesa ematen horiek babesteko”.
Haurrak herritik kanpo bidaltzea, haien eskubideen urraketa ez ezik, familientzako eragozpenak sortzen dituela ere salatu du: “Garraio eta jangela zerbitzuak ordaindu beharra, errepideko arriskuak, denboraren kudeaketa, familien erosotasunean oztopoak…”. Azkenik, adierazi du epe ertainean egoerak eragina izango duela Mendigorriko soziolinguistikan eta kultur ereduan. Hori dela eta, "berdintasunaren, justiziaren eta kohesioaren” aldeko neurriak exijitu dizkiote gobernuari.