Euskal kulturgintzak bi eguneko greba digitalera deitu du

Euskalerria Irratia 2020ko api. 15a, 12:22

Ehunka kulturgilek eskatu dute apirilaren 21ean eta 22an sareetan kultur edukirik ez zabaltzeko. Gizarteak kulturgintzarekiko duen atxikimenduari buruzko gogoeta eta eztabaida eragin nahi dute.

“Zein balio ematen diogu kulturgintzari? Zer garrantzi du gure egunerokoan? Zenbat kultura kontsumitzen dugu? Ohartzen gara kulturgintzaren prekarietateaz eta lan baldintza kaxkarrez?”. Galdera horiek eta beste zenbait proposatu dituzte Euskal Herriko kulturgileek. COVID-19aren krisiaren testuinguruan hartu diren neurriek euskal kultura egoera larrian utzi duelako erabaki dute gelditzea. “Ikusi gaitzazuen desagertuko gara, entzun gaitzazuen isilduko gara”, adierazi dute kulturgintzan.eus webgunean plazaratu duten testuan. Webgune horretan dialdiari atxikitzeko aukera dago. 

Gogorarazi dute osasun krisiaren ondorioz bertan behera utzi behar izan dituztela ehunka ekitaldi, eta horrek are gehiago larriagotu duela aurretik ere prekarioa zen haien egoera. Horregatik, premiazko neurriak har ditzatela eskatu diete erakunde publiko guztiei:Euskal Hirigune Elkargoari, Nafarroako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari, Foru Aldundiei, udalei eta bestelako erakundeei. Premiazko neurriekin batera, epe ertain-luzerako bestelako proposamenak ere plazaratzea eskatu diete.

Bestalde, Euskal Herri osoko kulturgintzaren ekosistema osatzen duten eragilei guztiei dei egin diete elkargune bat osatera, euren “gabezia eta premia larriei aurre egiteko zer egin proposatu, eztabaidatu, adostu eta gauzatzeko”.

Konfimanedu garaia gogoeta zabaltzeko une egokia izan daitekeela uste dute dialdiaren sinatzaileek, eta hori bultzatu nahi dute. Izan ere, etxean sartuta egoteak kulturara jotzera eraman du jende asko, eta horrek erakutsi du kulturaren garrantzia. Hori dela eta, zenbait galdera plazaratu nahi dituzte: “Zer gertatuko litzateke aktorerik, bertsolaririk, dantzaririk, idazlerik, eskultorerik, gidoilaririk, komikilaririk, musikaririk, margolaririk, zinemagilerik ez balego? Zer jendarte genuke antzokirik, liburutegirik... kulturgunerik gabe? Nola antolatuko genuke hezkuntza sistema sortzailerik gabe?”. Gainera, zalantza bat dute: zer gertatuko ote den konfinamendua amaitzen denean. 

Greba hau birtualki baino ezingo dute egin, baina argi utzi dute konfinamendua amaitzen denean “askoz eraginkorragoak izango diren ekimenak” abiraraziko dituztela. “Oso argi dugu COVID-19ak eragindako larrialdiak kulturgintzan eragin(go) dituen kalteei ezin zaiela neurri koiunturalekin erantzun. Arestian esan dugun legez, paradigma, eredua, patroia da errotik eraldatu nahi duguna”. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!