LABek eskatu du genero indarkeria jasaten duten emakumeei harrera egiteko “leku egoki bat” eta langile gehiago jar ditzatela

Euskalerria Irratia 2020ko api. 2a, 11:39
Genero indarkeriaren aurkako protesta bat, Iruñean.

Idazki baten bitartez, sindikatuak eskatu die Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Sailari eta zerbitzuak kudeatzen dituen enpresari egoitza bat egokitu dezatela, harrera baliabide horien "gehiegizko okupazioari" aurre egiteko.

Idazki baten bitartez, sindikatuak eskatu die Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Sailari eta zerbitzuak kudeatzen dituen enpresari hotel edo egoitza bat egokitu dezatela, harrera baliabide horien "gehiegizko okupazioari" aurre egiteko.

Ohar baten bitartez, LABek azaldu du, gaur egun dagoen “gainokupazioa” ikusita, Nafarroako Gobernua eta enpresa kudeatzailea hainbat aukera baloratzen ari direla; besteak beste, gaitu gabe dagoen etxabe bat eta hornitu gabe dagoen pisu bat irekitzea. Izan ere, egun dauden baliabideek "plaza kopuru mugatua dute, eta gainokupatuta daude”, sindikatuaren hitzetan. 

Sindikatuak salatu du koronabirusaren krisia "harrera-baliabide horien egoera ahul eta prekarioa” agerian uzten ari dela, eta, alarm egoerak dirauen bitartean, Foru Gobernuak "edozein hotel edo egoitza duin prestatzeko ahalmena" duela nabarmendu du, "isolamendu egoera gogorraz gain, tratu txar matxista pairatzen duten emakume horiek hartzeko”. "Genero indarkeria jasaten duten emakumeek leku seguru bat merezi dute, euren seme-alabekin batera babestuta sentitzeko, eta diziplina anitzeko hezkuntza taldeek baldintza duinetan artatu ahal izateko", aldarrikatu du.

LABek ohartarazi duenez, "laneko gainkarga inoiz baino handiagoa izan da osasun krisiaren ondorioz", eta horrek "zerbitzuaren kalitateari, erabiltzaileei, seme-alabei eta langileei eragiten die”. Hori dela eta, “gutxieneko kalitate baldintzetan” artatzeko hotel edo egoitza bat jartzeko eskatu du, baita txanda guztietan hezkuntzako eta garbiketako langile gehiago kontratatzeko ere, dauden beharrei aurre egiteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!