169 medikuk erantzun diote Osasunbideko lantaldeak indartzeko deialdiari

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 24a, 08:36

Guztira 59 mediku erretiratuk, hainbat espezialitatetako 64 medikuk edo asistentzia-jarduerarik egiten ez dutenek eta MIR plazarik gabeko Medikuntzako 46 lizentziadunek erantzun diote Nafarroako Medikuen Elkargoak Covid-19 aren aurrean lehen lerroan lan egiten duten medikuak indartzeko egindako deialdiari.

Guztira, Elkargoak ohar batean zehaztu duenez, Nafarroako 169 medikuk erantzun diote, martxoaren 23an, Medikuen Elkargoak martxoaren 15eko Agindua baino egun batzuk lehenago egindako deialdiari. Agindu horrek giza baliabideen eta bitartekoen arloko neurriak ezartzen ditu koronabirusak eragindako osasun-krisia kudeatzeko eta profesional nahikoak daudela bermatzen saiatzeko.

Eskaintza horri erantzuteko, Medikuen Elkargoak irekita dauka posta elektronikoko linea bat, zeinaren bidez sendagileek laguntza-sare horretan sartzen jarraitu ahal izango duten.

Egunero, elkargoak Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari jakinarazten dizkio erregistroan sartu diren berriak, eta Nafarroako Osasun Zerbitzuak, salbuespenezko neurri horiei helduz, zerbitzuak eman nahi dituzten profesionalentzat zuzenean irekitako postan jasotako eskaerei gehitzen zaizkie.

Osasun departamentuak jakinaraziko die prest agertu diren profesionalei "behar izanez gero eta ordezkapen zerrendak agortuz gero, herritarren osasun arretarako taldeak indartzeko".

Erretiratutako profesionalen kasuan, 70 urtetik beherako pertsonei dago zuzenduta deia. Martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege Dekretuak, koronabirusaren krisiari erantzuteko premiazko neurriei buruzkoak, aukera ematen du erretiroa hartzen duten langileek zerbitzu aktiboan jarraitzea luzatzeko, bai eta erretiroa hartzen duten osasun-profesionalak berriz lanean hasteko ere, plantilla indartzeko, elkargoaren erakundeak adierazi duenez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!