Luzia Goñi bertsolaria hil da, 91 urterekin

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 23a, 10:32

Luzia Goñi, 2017ko Nafarroako Bertsolari Txapelketan. (Argazkia: Bertsozale Elkartea)

Ehunka bertso idatziren egile izan zen, baina, bere garaiko emakume gehienen gisan, plaza publikoan gutxi aritu zen. 

Luzia Goñi Aizarotzen jaio zen, Basaburuan, 1928an. Oso gaztetatik hasi zen lanean, eta hainbat ofiziotan jardun zuen; berak esaten zuenez, "zorigaitz asko” bizi izan zituen. Etxekoengandik jaso ez arren, txikitatik izan zuen bertsoekiko zaletasuna: gaztea zelarik Errenteriako Retegi tabernan lan egin zuen, eta hara kantatzera joaten ziren bertsolariak entzunda zaletu zen. Gaur egun, Tirapun bizi zen. 

Ehunka bertso idatzi zituen, eta batzuk baita kantatu ere, baina, bere garaiko emakume gehienen gisan, ez zen apenas atera plaza publikora. Inoiz ez zen aritu bat-batean, baina bere bertso idatziak, bai,  zenbaitetan jendaurrean kantatu zituen. Edonola ere, aitzindari izan zen, eta uzta oparoa utzi zuen bertso idatzietan. 

Nafarroako Bertsozale Elkarteak 2017an egin zion aitortza, urte hartako Nafarroako Bertsolari Txapelketako irabazleari, Julio Sotori, txapela jartzeko aukera emanez, Anaitasuna kiroldegian. Iaz, Iruñeko Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Berdintasun Alorrak Nafarroako hamalau emakumek euskararen alde eginiko lana azaleratzeko erakusketa antolatu zuen, Kondestablearen jauregian, eta haien artean zen Luzia Goñi.

Atzo eguerdian zendu zen, Tirapuko bere etxean, 91 urterekin. Eta, atzo bertan, Eitb-k hari berriki egindako elkarrizketa bat eman zuen Hitzetik Hortzera saioan.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!