ELA sindikatuak eskatu du funtsezkoak ez diren jarduera guztiak geldiarazteko, eta inkoherentetzat jo du etxebizitzetan konfinamendua ezartzen duten bitartean behargin ugarik lanera joan behar izatea, funtsezkoak ez diren jarduerak egitera, kutsatuak izateko arriskua hartuta. Horrekin lotuta, sindikatuak eskatu du gobernuek ezohiko prestazio ekonomikoak ezar ditzatela neurri horien ondorioak arintzeko.
Bestalde, sindikatuak aldarrikatu du prestazioak bermatu behar duela ikastetxeetan eskolak eteteak sortutako zaintza lana, eta erantzunkidetasuna bultzatzeko neurriak bultzatu behar direla. Era berean, administrazioek eta enpresek lan egitera behartuta dauden pertsona guztien osasuna “bermatu” behar dutela adierazi dute, plan eta gida espezifikoekin, eta horien ardura Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarena dela. "Hori ez betetzeak zigorra ekarri beharko luke. Administrazioek prebentzio zerbitzuen eta mutuen kontrola hartu behar dute horretarako; nolanahi ere, ahal den lan guztia etxetik egiten dela bermatu behar dute enpresek ".
ERTE edo aldi baterako lan erregulazio espedienteei dagokionez, aldarrikatu dute horiek gauzatzen dituzten kasuetan, negoziatu behar dituztela, epe tasatu batekin, eta ez zaiela gutun zuririk eman behar enpresei justifikaziorik gabe erabil ditzaten. Gainera, sindikatuaren hitzetan, pertsonen garbiketara eta zaintzara bideratutako sektoreetan kontratazioa handitu behar dute: "Gobernuek oinarrizko eskubide eta beharrak bermatu behar dizkiete pertsona guztiei, etxebizitza, elikagaiak edo energia, bereziki ahulenei".
"Errege Dekretuak eskumenak inbaditu ditu"
Azkenik, ELAk elkarlanerako “prestutasuna” eta koronabirusa geldiarazteko neurriekiko "konpromisoa" agertu du. Hala ere, "slarma egoerari buruzko Errege Dekretua" errefusatu du, "izaera zentralizatzailea duelako, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren eskumenak modu onartezinean eta justifikaziorik gabe inbaditzen dituelako". Sindikatuaren ustez, "Espainiako Estatuarekiko harremanetan aldebikotasunik ez dagoela erakusten duen adibide argia da", eta, kasu honetan, Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren “ausardia" faltan bota dute.