Ehun eragile sozial, sindikal eta politikok babestu dute Europako mugetako egoera salatzeko ekimena

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 12a, 13:09
Hainbat eragiletako kideek agerraldia egin dute gaur goizean Katakrak liburu dendan.

Ongi Etorri Errefuxiatuak, Iruñea Harrera Hiria, Karabana EH, SOS arrazakeria eta Paperak Denontzat taldeek deituta mobilizazioa egitekoak ziren larunbatean, 'Europa erruduna' lelopean. Bertan behera utziko dute koronabirusaren hedapena saihesteko, baina lanean jarraitzeko konpromisoa adierazi dute.

Nafarroako hainbat eragile sozial, sindikal eta politikotako kideek agerraldia egin dute gaur goizean Europako mugetan jazotzen ari diren gertakarien larritasuna salatzeko. Ongi Etorri Errefuxiatuak, Iruñea Harrera Hiria, Karabana EH, SOS arrazakeria eta Paperak Denontzat taldeek deituta mobilizazioa egitekoak ziren larunbatean, eta bertan behera utziko dute koronabirusaren hedapena saihesteko, baina lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute.

Azken asteetan, Grezia eta Turkiaren arteko mugan, Egeo uharteetan, Balkanetan eta Espainiako hegoaldeko mugan egoera “puntu onartezinetara” iritsi dela salatu dute; Europak asilo bila heltzen diren milaka lagunen sarrera eragozten baitu, miseriara eta heriotzara zigortuz. Hori dela eta, Europak “marra gorri guztiak” gainditu dituela adierazi dute. “Ezin dugu jarraitu Europari halako zigorgabetasunez giza eskubideak urratzen utzi eta gero, giza eskubide hauek hirugarren herrialdeen aurrean banderatzat hartzen uzten”, salatu du Oihana Idoatek, ekimenaren bultzatzaileetako batek. “Hori guztia finantzaketaz, militarizazioaz eta mugen kanporatzeaz arduratzen diren ordezkariak giza eskubideak urratzen dituzten gobernuekin negoziatzen duten bitartean, hala nola Turkia, Maroko edo Libiako gobernuekin”.

Espainiako Gobernuari leporatu diote Europaren jarraibideak betetzea, mugak itxiz eta babes bila dauden pertsonen aurka gogor jokatuz, eta bide seguruak eta harrera sare duina ezartzea “borondate politikoko” kontuak direla nabarmendu dute. Gogora ekarri dute Espainiako Estatua izan zela hegoaldeko mugan hesiak altxatzen eta konzertinak jartzen lehena, eta urte batzuk geroago Europa eta Turkiaren arteko “lotsaren akordioa” ospatu zuela. Halaber, kritikatu dute Fernando Grande-Marlaska ministroa izan dela Greziako mugara segurtasun indarrak bidaltzea eskaini duen lehena. “Guk esan nahi dugu: nahikoa da! Espainiako Gobernuari exijitzen diogu arma industria babesteari uzteko eta armen salerosketa debekatzeko Saudi Arabia, Turkia edo Israel bezalako herrialdeei”.

Kalean eta erakundeetan eragiteko beharra

Positibotzat jo dute alderdi politikoek, sindikatuek eta gizarte eragileek ekimenari babesa eman izana, eta dagoeneko ehun atxikimendu baino gehiago jaso dituztela jakinarazi dute. Hala ere, dei egin dute kaleetan eta erakundeetan bidezko migrazio politika bat elkarrekin defendatzera. Alde horretatik, erantzukizuna eskatu diote Espainiako Gobernuari, eta herri mugimendu gisa, herritar sare kontzientziatu bat artikulatzeko konpromisoa erakutsi dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!