Euskararen dekretuaren inguruan, aurki berriak izatea espero du Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Mikel Arregik: “Aurreikuspena da hilabete honetan berme juridikoa duen testu bat idaztea, denok ase utziko gaituena, eta arautegia errespetatuko duena”.
Testu hori zirriborroa litzateke: “Ideia da hortik abiatzea parte hartze prozesua, langile publikoak ukitzen dituenez sindikatuen forora eta beste hainbat forotara eraman behar baita”.
Bide horretan, Nafarroako Kontseiluak euskararen dekretuari buruz emandako ebazpena “lagungarri” izanen dela uste du Arregik: “Eremu ez euskaldunean zalantza genuen auzitegiaren epaiarekin posible zen euskara baloratzea, Euskararen Legean ez baita aipatzen. Nafarroako Kontseiluaren ebazpena ez da loteslea, baina bai lagungarria, esaten duelako posible dela, epaiak ematen duen markoaren barruan”.
Marko horren barruan, euskararen balorazioa legearen araberako eremu ez euskaldunean ezin da orokorra izan, kasuz-kasu arrazoitu behar da. Horren karietara, Euskararen Kontseiluaren ebazpenaren beste ñabardura bat azpimarratu du Euskarabideko buruak: “Gehitzen du ez lukeela zentzurik izango atzerriko hizkuntzak baloratzea eta euskara ez”. Haren aburuz, “hizkuntza tartean sartzen den merezimenduetan jokaera bera izan beharko du Administrazioak. Ez litzateke ulergarria euskararen balorazioa justifikatu beharra eta ez alemanarena edo frantsesarena. Ikusi behar dugu horrekin nola ezkontzen den frantsesa, alemana eta ingelesa lanpostu guztietan baloratzea, eta euskara batzuetan soilik, epaiak hala dioelako”.
“D eredua ez da promozionatu beharreko bakarra”
Euskarabideak herri ekimeneko euskalgintzaren kritikak jaso ditu, aurten ez duelako D ereduaren aldeko kanpainarik egin. Arregiren arabera, “Euskarabideak ez du kanpaina propio bat egin aurreko urteetan ere, aurreko urteetan parte hartu du euskara zerbitzua duten udalen kanpainetan, hor izan da kanpaina batzuetan lankideak eta beste batzuetan babeslea”.
Arregik dio aurten lan egiteko modua aldatu nahi zutela: “Ez genuen zehaztu aldaketa bermatu aurretik lankidetza prozedurarekin jarraitu behar ote genuen. Gure hutsa hor egon da”.
Aurrera begira, halako kanpainak egiteko asmoa azaldu du: “Garbi duguna da gure ardura dela sentsibilizazioan lan egitea. Eskumen zuzenik ez dugu Hezkuntzan, baina aldeko kanpainak egiten jarraitzeko bidelagunak bilatu behar ditugu”.
Dena dela, kanpainon edukia aldatzearen alde azaldu da: “Egin dugun balorazioa da sakonki aztertu behar dugula kanpaina hauen eragina. Guk parte hartu dugun urteetan ikusi dugu e dela matrikulazioan gorabehera handirik gertatzen. Oso kanpaina onak dira. D ereduaren aldeko apustua egin behar da, jakina. Baina ikuspegia zabaldu behar da. D eredua oso urruneko erabakitzat hartzen delako zenbait lekutan, eta iruditzen zaigu eredu guztiei buruzko informazioa landu behar dugula, egoera soziolinguistikoaren arabera. Ezin da informazio bera garatu Erriberan, Iruñerrian edo Mendialdean”.
“Mendigorriko erabakia ez da ongi oinarritu”
Mendigorrian D ereduko lerrorik ez zabaltzea erabaki du Hezkuntza Departamentuak. Arregik erabakia “finkoa ez izatea” espero du, uste baitu ez dutela “ongi oinarritu”. “Guk diogu erabaki horiek ezin direla hartu soilik ikuspegi administratibotik. Herri horren egoeraren azterketa objektibo bat egin behar da. Aurreikusi datozen urteotan zein eskaera izan daitekeen. Zein inpaktu eduki dezakeen herritik ateratzea ikasle kopuru bat, ikastetxearen etorkizunari begira. Datuak ikusten baditugu, sei ikasle joango balira Garesko ikastetxera, G eta A ereduetan 8 ikasle baino gutxiago dira urtero. Beste lerroetan ez da ratio hori betetzen. Eta eskola zabalik mantentzen da. Datu horiek guztiek ematen dizkigute informazioak beste erabaki bat hartzeko”.
Plan Estrategikoaren epean, ezagutza gora
Euskarabideak Nafarroako Lehen Euskararen Plan Estrategikoa plazaratu berri du. Eta azpimarratu du planaren epean (2016-2019) euskararen ezagutza %12tik %14ra igo dela. Arregik aitortu du igoera espero zitekeela: “Aldez aurretik genituen datuek joera hau izanen zela adierazten ziguten. Hekuntza sistemaren bidez irabazten ari diren hiztunak dira asko eta asko”. Eta datozen urteotan ere ezagutzak gora eginen duela iragarri du: “D ereduan %30a dago. Beraz, arrazoi demografikoengatik hazkunde hori izango dela erakusten digute”.
Helduen euskalduntzean nabarmen egin du gora matrikulazioak planaren epean. Eta laguntzak ere asko ugaritu dira: “Irakaskuntzan sistema publikoaren bidez eta ekimen sozialeko euskaltegien bidez kostua arinagoa izateko neurriak nabaritzen hasi dira”.
“Aurrerapausoak emango ditugu doakotasunerantz”
Doakotasunaz galdeturik, datozen urteotan aurrerapausoak ematea espero duela erantzun du Euskarabideko buruak: “Gure plan estrategiko berrian horren inguruko ekarpenak jasoko dira. Aurreko legealdian sektorearen azterketa egin genuen. Ikusiko dugu Euskarabidearen ahalmenetik haratago doan kontua da, aurrekontuetan inpaktua duelako. Uste dut aukera izango dugula urrats sendoak egiteko”.
Planaren epean, Euskarabidearen aurrekontua 4,6 milioi eurotik 7,4ra igaro da, eta euskaltegiek, euskara elkarteek eta euskarazko komunikabideek jasotzen dituzten laguntzek ere nabarmen egin dute gora. “2020an goranzko joera hori mantendu da, beraz hor bada datu bat gobernu aldaketarekin hainbat gauzatan ez dela atzera egin. Aurrekonturik gabe zaila da planifikazio egokia egitea. Eta erantzun egokia izan dute herri ekimeneko elkarteek, hedabideek, euskaltegiek, proposamen egokiagoa egiteko”, azpimarratu du.
Erabilera, behera
2016tik 2019ra euskararen erabilera Nafarroan %6,6tik %6ra jaitsi da, kale erabileraren inkesten arabera. “Guk ikusi behar dugu zein erabilera dagoen, baina ez ondorioztatzeko murrizketak egin behar direla, baizik eta administrazioek aukerak ziurta ditzan hizkuntzak erabiltzeko, ez badu eskaintza ezin baita hautatu. Erabilerak informazio garrantzitsua ematen digu planifikaziorako, baina ez eskubideak murrizteko”, zehaztu du.
Bestalde, Arregik nabarmendu du plan estrategikoaren betetze maila, %85ekoa izan dela. “Herritarren hizkuntza eskubideak ez dira neurri horretan bete, jakina, baina planean aurreikusten ziren neurriak bai”.
Hurrengo planaren indarraldia 2020-2027 izanen da. “Ikusi dugu lau urteko epealdia motz geratzen zela. Zortzi urtean, denbora gehiago izango dugu lan egiteko eta lanaren balorazioa egiteko, epe horretan bi inkesta eta bi kale neurketa izango baititugu”.
Berehala jarriko dute martxan prozesu parte hartzalea gizarte eragileekin. “Aurrekoan oso aberasgarria izan zen, eta honako honetan bere ondorioa ekarriko dugu. Oraingo honetan garatu dugun dokumentu baten gainean abiatuko gara. Ikusi beharko dugu zertan asmatu den. zertan ez den asmatu eta nola egokitu behar den”.
Eman.