Euskararen I. Plan Estrategikoaren helburuen %97 erdietsi ditu Nafarroako Gobernuak

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 9a, 12:37

Nafarroako Gobernuak planaren ebaluazioa aurkeztu du gaur goizean. Txostenean jaso dutenez, planaren helburu espezifikoen %97, eremuen %85 eta ekintzen %66 landu dituzte. Bigarren plana urte amaierarako onartzea aurreikusten dute. 

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak eta Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak 2016-2020 Euskararen I. Plan Estrategikoaren ebaluaziotik ateratako ondorio nagusiak aurkeztu dituzte gaur goizean. Euskararen II. Plan Estrategikoa garatzeko departamentuak hasi dituen lanak ere azaldu dituzte.

Lehenengo plana zazpi ardatz estrategikotan banatzen zen, helburu espezifiko zehatzak jasotzen zituztenak, lan-esparrutan eta horiek garatzen zituzten ekintza espezifikoetan. Horrela, Planaren 29 helburuetatik 28 landu dira, 68tik 58 arlo zehatzetan, 112 ekintza espezifikoen bidez. Esteka honetan kontsulta daiteke ebaluazioa.

Ebaluazioaren aurkezpenean, Ollo kontseilariak gogorarazi nahi izan du lehen aldia dela Nafarroako Gobernuak bere hizkuntza-politikaren ekintzak eta helburuak modu planifikatu eta ordenatuan paper gainean jarri zituela: “Eta hala egin zuen, eredu estrategiko propio baten bidez, 80.000 nafar euskaldunen behar eta eskubideei erantzuteko helburuarekin".

Aurkeztu dituzten zifren artean, aipatzekoa da 2016tik 2019ra gora egin duela euskaraz ondo dakiten 16 urtetik gaorako nafarren kopuruak: 2016an 69.000 ziren, eta 2019an, berriz, 76.000. Gainera, euskara ikasten ari ziren nafar helduak 4.868 ziren 2015-2016 ikasturtean eta 5.213 izan dira 2019an. Gainera, Euskarabidearen aurrekontua 4,2 milioi eurokoa izatetik 7,3 milioi eurokoa izatera igaro da lau urtean.

Ebaluazioa

Ebaluazioa Planaren sei ardatz nagusietan banatzen da. Lehenengoan, erabilera sozialari buruzkoa da. Ardatz horretan planteatutako 19 eremuetatik 18 landu dira, 30 ekintzatan. Ardatz horren barruan, honako hauek dira ekintza aipagarrienak: Euskarabidearen lan-ildoen bidez euskararen erabilera sustatzeko diru-laguntzen gorakada nabarmena; Euskaraldia abian jartzeko Topagunearekin egindako hitzarmena; euskarazko kultura digitala sustatzeko Sarean Euskaraz jardunaldiak finkatzea; eta haurren eta gazteen aisialdian hizkuntza hori sustatzea.

Bigarren ardatzaren helburu espezifikoa hiztun berriei buruzkoa da, eta hiztun kopurua handitzea helburu estrategiko gisa finkatzen zuen. Eremu horretan osotasunean landuak izan dira 16 eremu eta 33 ekintza. Egindako ekintza nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira: helduen artean euskara ikasteko diru-laguntzak handitzea; euskaraz eskolatzea edo familiaren bidez euskara transmititzen laguntzea.

Zerbitzu publikoeiburuzko hirugarren ardatzari dagokionez, helburu estrategikoa administrazio publikoak zerbitzua euskaraz eskaintzeko gaitzea zen. Helburu espezifikoen %73 landu dituzte 18 ekintzatan. Aipatzekoak dira administrazioaren atal ezberdinen trebakuntza, prestakuntza sailak eta itzulpengintza atalak egindako lana eta lau toki-erakundetan euskara-zerbitzu berriak sortzea.

Prestigioa eta erakargarritasunaardatz dituen lan eremuan ekintza espezifikoen %55 landu dira bederatzi lan esparruren barruan, hau da, horien %82. Testuinguru horretan, honako ekintza hauek nabarmentzen dira: komunikazio kanpainak, Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren 50. urteurrenaren ospakizuna, Navarroroum erakusketa ibiltaria edo Anasa Gara kanpainan parte hartzea udalerri euskaldunetan.

Esparru ekonomikoa izan da bosgarren ardatza, eta garapen eta gauzatze maila txikiena duena. Aurreikusitako sei eremuetatik lautan ekintzen %36 landu dituzte. Horien artean, nabarmentzekoa da enpresetan euskara sustatzeko laguntza deialdi bat sortzea edo euskararen egoera eta potentzial ekonomikoari buruzko azterketa egitea.

Azkenik, seigarren ardatzean, hizkuntza-esparruari buruzkoan, garatutako araudia nabarmendu dute, eta, horrekin batera, euskararen egoerari buruzko diagnostiko eta azterlanak, Euskararen Nafarroako Kontseiluaren berrikuntza edo Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Topagunea, Hiruko Ituna edo antzeko erakundeekin sinatutako hitzarmenak.

Prozesu partehartzailea

Gaur aurkeztutako ebaluazioak Euskararen II. Plan Estrategikoa garatzeko oinarriak ezarri ditu. Bigarren plana parte-hartzaile prozesu zabal baten bidez landuko duten, zeinetan herritarrekin ez ezik, sektore estrategikoekin, alderdi politikoekin, tokiko erakundeekin edota euskalgintzarekin elkarrizketa-mahaiak izango dituzten.

Bigarren planak 2020-2027 aldia hartuko du, plangintza eta ebaluazio-tresnak errazteko. Prozesu parte-hartzailea datozen asteetan hasiko da, eta, aurreikusita dagoenaren arabera, Plana urtea amaitu baino lehen onartuko da, zirriborroak jendaurrean jarri eta Euskararen Nafarroako Kontseiluak igortzen dituen txostenak kontutan hartu eta gero.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!