Gobernuaren desadostasunak bideratzeko "borondate politikoa" dagoela esan du Uxue Barkosek

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 6a, 13:16

Aste honetan biltzekoak ziren koalizio gobernuko bazkideak hezkuntza arloan sortu diren ezberdintasunak jorratzeko, eta, hain zuzen ere, atzo batzartu zirela jakinarazi du Geroa Baiko legebiltzarreko bozeramaileak.

Zehaztapen gutxi eman ditu, baina bilera “ongi” joan zela esan du Uxue Barkosek, eta ezberdintasunak bideratzeko “borondate politikoa” dagoela. Desadostasunak barne elkarrizketaren bitartez bideratu behar direla nabarmendu du, eta ez osoko bilkuretan.

Gobernuko desadostasunetatik harago, Barkosek ezagutarazi ditu Geroa Baik 2020ko erronkei heltzeko planteatu behar dituen zenbait ekimen.

Horietako bat errepideen finantziazioaren auziarekin lotuta dago. Jakinarazi du txosten bat eskatu diotela Kontuen Ganberari ezagutzeko zein den Bideko eta Pirinioetako Autobietako itzalpeko ordainsarien kostua, finantziazio modu berriak bilatu ahal izateko. Bide horretan, beharrezkotzat jo du finantziazioaren inguruko akordio bat.

Hitzarmen ekonomikoaren negoziaketa

Hitzarmen Ekonomikoa ere izan du mintzagai. Esan du hitzarmenaren eguneraketaren negoziazioak "ezin duela itxaron" Madrilgo gobernuak aurrekontuak onartu arte, baizik eta ekintza “paraleloak” izan behar dutela.

Bestalde, erronka gisa hartu du Google eta Tobin tasa berriak hitzarmenean sartzea. Onartu du akordioak ez dituela jasotzen sortzen diren zerga berriak, baina uste du “aukera bat” izan daitekeela parlamentuan zerga berriak arautzeko moduari buruzko eztabaida berriro irekitzeko.

Azkenik, landa eremuko etxebizitzen arazoa da Geroa Baik hartu duten beste erronketako bat. Hori dela eta, lege proposamen bat egingo dute, herri txikietako etxebizitzen prezio publikoa jaisteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!