"Berme juridikoa" duen euskararen dekretu baten alde egin du Txibitek, eta Esparza "epaitegira" joateko prest azaldu da

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 5a, 13:14

Txibite parlamentuan, artxiboko irudi batean (Argazkia: Nafarroako Parlamentua)

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak adierazi du exekutiboa "berme juridikoa" izango duen eta Foru Erkidegoko errealitate soziolinguistikoarekin bat etorriko den euskara dekretu berri bat lantzen ari dela; Javier Esparza Navarra Suma bozeramaileak, berriz, "lehen eta bigarren mailako" herritarrik ez egotea eskatu du, eta, bestela, "epaitegira" joango dela gaineratu du.

Maria Txibitek, Navarra Sumak parlamentuko osoko bilkuran egindako galdera bati erantzunez, esan du gobernua "departamentuen arteko molde batean" ari dela lanean "sendotasun osoz eta berme juridiko osoarekin arau bat eraikitzeko", eta gogorarazi du asteazken honetan bertan ezagutu zela Nafarroako Kontseiluaren ebazpena, zeinaren arabera "euskara meritutzat jo daiteke eremu ez-euskaldunean, legea aldatu beharrik gabe".

Lehendakariak adierazi du araudi berriaren inguruan "ahalik eta adostasun sozial, politiko eta sindikal handiena lortzea" dela bere helburua, eta dei egin die talde politikoei "hizkuntza politika borroka alderdikoitik kanpo uzteko".

"Gobernu honen konpromisoa gure erkidegoko errealitateari erantzungo dion hizkuntza-politika da, eskariari erantzungo diona, herritarrei zerbitzu ona bermatuko diena eta euskara arma izatetik ondare-balio komuneko kontzeptu batean kokatzera jaurtikiko duena", esan du.

Navarra Sumaren bozeramaile Javier Esparzaren esanetan, "aurreko legealdian hizkuntza politika sektarioa jasan dugu, eta horrek ez zion erantzuten ez arrazionaltasunari, ez Nafarroako errealitate soziolinguistikoari, euskal abertzaletasunaren obsesioei baizik".

Esparzaren esanetan, orain alderdi abertzaleek "bidea markatu" nahi diote Nafarroako Gobernuari, eta "eremu ez-euskaldunean euskara meritu gisa baloratzen tematu dira berriro". "Arau berriak euskaldunentzat bermatzailea izan behar duela diote, baina ez dute hitz erdi bat ere hitz egiten funtzio publikoan sartzeko aukera berdintasuna errespetatzeaz, ezta hitz erdi bat ere eremu ez-euskalduneko errealitate soziolinguistikoa errespetatzeaz, euskaraz ez dakiten eremu ez-euskalduneko biztanleen ehuneko 98ren eskubideak defendatzeaz", adierazi du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!