Ebazpen horren bidez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari eskatzen zaio "hiru hilabeteko epean alda dezala erlijioaren irakaskuntzaren eta haren alternatiben ordu-pisua gutxieneko preskriptibora murrizteko behar den araudia”, murrizketa hori datorren ikasturtean benetan aplikatu ahal izateko.
Onartutako ebazpenak bigarren puntu bat jasotzen du, eta, bertan, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio "kontuan har dezala erlijio-irakasgaiari buruzko araudi- edo legegintza-aldaketek ez dakartela lan-kontratu mugagabea duten nafar erlijio-irakasleen kolektiboari lanpostuen galera edo haien kontratuen ehunekoen murrizketa". Epigrafe hori eta hurrengoa Geroa Baik eskatuta gehitu dira, eta gehitzeko zuzenketa ekimenaren titularra den Izquierda-Ezkerrak onartu du. Puntu horren alde bozkatu dute Navarra Sumak eta Geroa Baik, EH Bildu eta Ahal Dugu abstenitu egin dira eta PSNk eta Izquierda-Ezkerrak aurka bozkatu dute.
Azkenik, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio "lan-kontratuko langileen negoziazio-mahaian eztabaida eta akordioa egin dadila irakasgai hori murrizteak irakasle-talde horrentzat izan ditzakeen ondorioei eta lan-baldintzen aldaketari buruz". Epigrafe horrek PSNren kontrako botoa eta gainerako taldeen aldeko botoa izan du. Zioen azalpenean, I-Ek bultzatutako ebazpenak aipatzen du Foru Komunitatearen eskumena, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan aitortua, araudia garatu eta aldatzeko, erlijioaren irakaskuntza eta haren alternatibak ahalik eta gehien murrizteko.