Larunbatean izango dira lehenbiziko bi finalaurrekoak, Anizen eta Tuteran

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 26a, 13:41

Malerrekako 'Bertsonautak' eta Lesakako 'Arranopola' izango dira Baztango saioan, eta Leitzako 'Atekaberts komeni' eta Sakanako 'Sakaña' Erriberakoan. Larunbatean bildutako puntuei, itzulerako saioetan eskuratutakoak batu beharko dizkiete, finalerako txartela lortzeko.

Asteburuan abiatuko da 2020ko Bardoetako finalaurrekoen fasea. Lehen fasetik sei talde pasa dira finalaurrekoetara: Malerrekako Bertsonautak, Lesakako Arranopola, Leitzako Atekaberts komeni, Berako Lamixene, Barañaingo Hego Haizea eta Sakanako Sakaña. Sei talde horiek binaka antolatu dira, joan-itzuliko hiru kanporaketetan. Guztira, beraz, sei saio izango dira finalaurrekoetan, joaneko hiru, eta itzuliko beste hiru. Horietan zehaztuko dira aurtengo hiru finalistak.

Larunbatean, otsailak 29, jokatuko dira, hain zuzen ere, joaneko lehen bi saioak, Anizen eta Tuteran. Lehenengoan, Bertsonautak eta Arranopola taldeak izango dira aurrez aurre. Anizko Elkartean izango da saioa, 19:00etan hasita. Sei euroko sarrera izango du saioak, eta otordua eskainiko da bukatutakoan.

Tuteran ere 19:00etan hasiko da finalaurrekoetako saioa. Beterri Peñan izango da ekitaldia, eta han izango dira kantuan Atekaberts komeni eta Sakaña taldeak, finalerako txartel bila. Doakoa da sarrera.

Saio hauetan bildutako puntuei, itzulerako saioetako eskuratzen dituztenak gehitu beharko dizkiete taldeek. Joan-itzuliko kanporaketa bakoitzean puntu gehien eskuratzen duen taldea izango da finalerako sailkatzen dena. Hortaz, hiru talde izango dira martxoaren 28an Lizarran jokatuko den finalean. Sarrerak eskuragarri daude dagoeneko, www.bertsosarrerak.eus atarian eta Lizarra Ikastolan zein Lizarrako AEK Euskaltegian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!