Erakunde baten atzean egotea ukatu dute presoei harrerak egitea egotzita deklaratzera deitutakoek

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 24a, 15:14
  • Hiru urtean ia ehun ekitaldi koordinatuko lituzkeen balizko egitura bat ikertzen ari da Auzitegi Nagusia. Terrorismoa goratzea egozten die.
  • Miren Zabaleta, Jorge Olaiz, Alberto Matxain, Garazi Autor, Ikerne Indakoetxea nafarrek eta Irati Tobar bizkaitarrak deklaratu dute gaur Manuel Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean.

2016 eta 2019 urteen artean ETAko presoen omenezko ia ehun bat ekitaldiz osatutako ustezko plangintza-egitura bat ikertzen ari da Auzitegi Nagusia. Auzi horretan inputatutako sei pertsonari deklarazioa hartu die gaur Manuel Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko epaileak. Presoen antolaketaren atzean dagoen egiturarik ezagutzen ez duela adierazio diote epaileari, eta azpimarratu dute haiek horietako batzuetan soilik parte hartu zutela unean-unean.

Iturri juridikoek jakitera eman dutenez, Miren Zabaleta, Jorge Olaiz, Alberto Matxain, Garazi Autor, Ikerne Indakoetxea nafarrak eta Irati Tobar bizkaitarra izan dira Fiskaltzaren eta defentsaren galderei erantzun diotenak.

Epaileak duela urte eta erdi hasi zuen instrukzioa, erakunde terroristako presoen omenezko ekitaldiak koordinatzera bideratutako egitura bat egiaztatu eta gero. Terrorismoa goratzea eta biktimak umiliatzea leporatzen diete.

Ikertuek aitortu dute omenaldi ekitaldietan parte hartu izana, prentsaurrekoetan edo manifestazioetan, presoen eta haien familien egoerarekin sentsibilizatuta egoteagatik, baina adierazi dute ez dakitela atzean egitura bat dagoenik. Nolanahi ere, argi utzi nahi izan dute omenaldietan egon zirela baina soilik modu puntualean, eta ekitaldi horietan hitza hartu zutela baina inork ez ziela enkargatu edo erakunde bat dagoelako.

Beste sei deitu ditu deklaratzera, martxoaren 3an

Ikerketa honen baitan egingo dituzten hurrengo deklarazioak martxoaren 3rako daude aurreikusita, Auzitegi Nazionalean. Beste sei lagun daude deituta: Anton Lopez Ruiz 'Kubati', Haimar Altuna, Oihana San Vicente, Oihana Garmendia, Juan Mari Olanok eta Julen Larrinagak.

Auziko ikertzaileek 2016ko abendutik 2019ko urrira bitartean Euskal Herriko hainbat herritan egindako 95 ekitaldi aipatu dituzte, eta ondorioztatu dute jokabide "errepikatua eta sistematikoa" dela, "antolaketa-egitura batetik" abiatua.

Guardia Zibilaren arabera, egitura hori ezkutatzeko eta "benetako sustatzaileak estaltzeko" hainbat elkarte erabili ziren, "pantaila gisa instrumentalizatuak eta erabiliak" zirenak. Ekitaldiak 'Kalera Kalera' ezker Abertzalearen dinamikaren bidez gauzatu zirela dio.

Aukerak zapuzteko nahia salatu du Sortuk

Sortuk salatu du auziak "helburu garbi bat" duela: "Independentismoak Estatuan ahalbidetu duen agertoki berriak zabal dezakeen edozein aukera zapuztea". Operaziaren atzean "Estatu Sakona eta eskuin-mutur polizial, judizial eta mediatikoa" daudela iritzi dio. "Atxiloketek eta zitazioek ez diote logika judizial bati erantzuten: Euskal Herriko eta Kataluniako independentismoak ahalbidetu duten egoera berriari erantzuten diote".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!