Nafarroako Kontuen Ganberaren historiaren eta jardunaren berri emateko komiki bat sortu dute

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 21a, 13:25

Cesar Oroz marrazkilariak sortu du komikia. Bisita gidatuetan banatuko dute.

Nafarroako Kontuen Ganberarentzat gardentasuna garrantzitsua da: egiten duten lana ezagutaraztea eta egoitza bera herritarrentzat zabalik izatea. Bisita gidatu ugari egiten dituzte horretarako, baina bisitetara joaten direnentzako dibulgazioko material erakargarri bat egin nahi izan dute.

Hori dela eta, Cesar Oroz marrazkilariarengana jo dute, eta Orozek komiki formatuan eta umore ukitu batekin bildu du ganberaren historia, egungo jarduna eta egoitzaren garrantzia, Orduko aditzaileak, oraingo auditoreak izenburupean.     

Hiru zatitan banatu dute komikia: lehenean historia kontatu dute, Karlos II.a erregeak 1365ean sortu zuenetik; bigarrenean, erakundearen egungo funtzionamenduaren berri eman dute, eta, azenik, hirugarren atalean, eraikinaren beraren garrantzia azaldu dute, XIII. mendean eraiki zuten eta egun mantentzen den hiriko eraikin gotiko zibil bakarra baita.

Fermin Erbiti Kontuen Ganberako komunikazio arduradunak zein Orozek berak nabarmendu dute erakunde horren historia ezagutzearen garrantzia. Orozek esan duenez, Ganberaren historia “izugarria” iruditu zaio, lan sakonago bat egiteko modukoa, zazpi mendetan “oso pasarte interesgarriak” baititu marrazteko eta kontatzeko.

Bi edizio egin dituzte, euskaraz eta gaztelaniaz; 3000 ale argitaratu dituzte, eta eraikina bisitatzera doazenen artean banatuko dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!