Hezkuntza itunaren sinatzaileek salatu dute aurrekontuetan ez dutela partidarik sartu hura betetzeko

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 20a, 13:40

Nafarroako jauregiaren aurrean protesta egin dute LAB, Steilas, Afapna, Anpe, CCOO eta UGT sindikatuek, salatzeko gobernuak ez duela asmorik Itunean jasotakoa betetzeko.

Nafarroako jauregiaren aurrean protesta egin dute gaur Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Itunaren sinatzaileek. LAB, Steilas, Afapna, Anpe, CCOO eta UGT sindikatuek salatu dute gobernuak ez duela asmorik itunean jasotakoa betetzeko, eta kritikatu dute 2020ko aurrekontuetan ez dutela aurrekontu hornidurarik sartu sinatutakoa aurrera eramateko.

Hezkuntza ituna 2018an sinatu zuten hezkuntza arloko sindikatuek orduan kontseilari zen Maria Solanarekin, eta irakaskuntza publikoan egondako murrizketak lehengoratzeko hainbat neurri zehatz  jaso zituzten. Horietako bi aurtengo aurrekontuetan finantzatzea aurreikusten zen: 57 urtekoen ordutegi murrizketa, eta ordu gehiago ematea ikastetxeei zuzendaritza lanengatik galtzen diren orduak konpentsatzeko. Baina, aurrekontuetan jasota ez daudenez, neurri horiek jada ez dira beteko, sindikatuetatik salatu duten moduan.

Era berean, esan dute negoziaketan oztopoak izan zituztela zenbait neurriren egutegia adosteko, horregatik gutxi batzuek bakarrik dute epe zehatza. Gainontzekoetarako ere egutegi bat eskatu dute.

Sindikatuek urtarrilaren 15ean izan zuten afera honen berri, eta ordutik bilerak egin dizute kontseilariarekin eta parlamentuko talde guztiekin, eta, esan dutenez, alderdi guztiek adierazi diote haren sostengua itunari. LABeko Ainhoa Diezek gogorarazi duenez, gainera, gobernu akordioan jasoa dago ituna bete eta garatzea: “Hezkuntza Departamentuak ituna bete eta garatu behar duelakoan gaude, hori baitzen adostu zena, eta hezkuntza arloko konpromisoek ez dituzte jasa behar gobernu aldaketek sortzen dituzten gorabeherak”.

Parlamentuak hilaren 27an onetsiko ditu aurtengo aurrekontuak, eta sindikatuek eskatu dute itunean jasotako neurri horiek sartzeko aurrekontu-partida bat sartzeko, in voce zuzenketa baten bidez. Bestela, mobilizaziora deituko dutela jakinarazi dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!