Navarra Sumak eta PSNk ikurren legea berreskuratu dute

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 20a, 12:13

Bi alderdiek adostutako arauak Nafarroako banderaren lehentasuna ezartzen du, hori bai, Espainiako ikurraren atzetik eta Europakoaren aurretik. Hala ere, ez du jasotzen bestelako ikurrak erakusteagatik, eskuinak nahi zuen zigor eta isun kapitulorik. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Izquierda Ezkerrak kontra bozkatu dute.

"Gaur egun historikoa da" adierazi du Javier Esparza, Navarra Sumako buruak, beraiek proposatutako legea defendatzerako orduan, "Aldaketaren gobernuak babesgabe utzi eta gero, gaur berriz ere Nafarroako bandera babesteko ikurren legea berreskuratuko dugulako". Legegintzaldia hasi eta berehala egin zuen proposamena Navarra Sumak baina gaur bere hitzartzean alderdi abertzaleei leporatu egin die "ikurrekin obsesionatuta" egotea. PSNk baiezko bozka eman duen arren, oreka bilatu nahiean, gaur ez dela egun historikoa adierazi du Ramon Alzorriz bere bozeramaleak, "Arautu gabe zegoen aspektu bat erregulatzeko eguna baizik" eta eskatu du ikurrekin konfrontaziorik ez bilatzea.

Kontra bozkatu dute beste alderdi guztiek. Geroa Baiko Uxue Barkosek, PSNri leporatu dio "koldarkeria politikoaz" aritu izana eta gogoratu du Nafarroako Gobernuak berak, lege honen kontrako iritzia eman zuela. Adolfo Araizek ere kritikatu du alderdi sozialistaren jarrera, Navarra Sumarengana gerturatzeagatik. EH Bilduko bozeramalearen iritziz, eztabaida faltsuan itxiko da lege honekin, Nafarroako bandera defendatzea ez baita ikurriña defendatzearekin kontrajarria.

Ahal Dugu-tik, Ainhoa Aznarezek Navarra Sumari eskatu dio "Sinboloak egiten dituen defentsa sutsu hori Nafarroari transferitzeko dauden eskumenekin ere egin dezala".  du. Azkenik, Marisa de Simon Izquierda-Ezkerrako bozeramaileak adierazi duenez, "Ez dago ikurrak arautzeko beharrik, ondo araututa daudelako". "Izan ere, hor daude", esan du, Nafarroako bandera, Espainiakoa, eta Europakoa seinalatuz, Parlamentuko osoko bilkuren aretoan daudenak.

Berez gaur onartutako legeak ez du gauza askorik aldatuko, Nafarroako administrazioan agertu beharreko banderak, Espainia, Nafarroa eta Europakoak direla agintzen baitu, tokian tokiko ikurrarekin batera. Ez du ordea, zigor edo isunik ezartzen legea betetzen ez dutenendako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!