Nafarroako Liburuaren Plataforma sortu dute, liburua "defendatu eta sustatzeko"

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 18a, 13:04

Taldearen lehenengo urratsa Nafarroako Gobernuarekin elkartzea eta txosten bat entregatzea izango da, plataformaren eta haren helburuen berri emateko.

Nafarroako idazleak, editoreak, ilustratzaileak, liburuzainak eta itzultzaileak batu egin dira liburuaren alde egiteko. Nafarroako Liburuaren Plataforma sortu dute, elkarlanaren bitartez liburua defendatu, sustatu eta babesteko helburuarekin. Zehazki, zazpi elkartek osatu dute plataforma: Nafar Idazleen Elkartea, Euskal Idazleen Elkartea, Editargi Nafarroako Editore Independenteen Elkartea, Nafarroako Liburu Saltzaileen Elkartea, Asnabi Nafarroako Liburuzainen Elkartea, Nafarroako itzultzaileen kolektiboa eta Nafarroako ilustratzaileen kolektiboa.

Plataformaren aurkezpenean kontatu duenez, azken urteetan, elkarren artean konpartitu dute sektorearen inguruan duten ikuspegia, eta konturatu dira kezka bera dutela: sektorearen arazoei aurre egiteko elkarrekin borrokatzeko premia ikusten dute.

Hala, elkartu egin dira, eta plataformaren bitartez, liburua defendatzeko hainbat xederi helduko diete. Zehazki, zazpi helburu zehatz hartu dituzte. Horien artean daude, besteak beste, liburuaren sektorearekin lotura duten kolektibo enpresarial, profesional eta sozial guztien kolaborazioa bideratzea sektorearen interesak defendatzeko; edizioa, literatura eta irakurketa sustatzea eta jendarteratzea, haien adierazpen guztietan eta Nafarroako hizkuntzetan; liburuaren sektoreari aitorpen ekonomiko, instituzional eta soziala egiten zaiola zaintzea; erakunde publiko eta pribatuen arteko harremana sustatzea, eta Nafarroako kultura ondarea eta hizkuntza aniztasuna kontserbatzea, jakitera ematea eta sustatzen laguntzea.

Gobernuarengana joko dute

Plataformak batzorde koordinatzaile baten bidez funtzionatuko du, eta hura osatzen duten elkarteetako bakoitzak ordezkari bat edo bi aukeratuko du. Taldearen lehenengo urratsa Nafarroako Gobernuarekin elkartzea eta txosten bat helaraztea izango da, plataformaren eta haren helburuen berri emateko.

Aurrerantzean erdietsi nahi duten beste erronka bat Nafarroako edizioa eta literatura bultzatzeko marka propio bat sortzea da, bertan sortutako liburuak bereizteko eta bultzatzeko, beste sektore batzuetan egiten den moduan. Halako urratsekin “erakargarriagoa” egin nahi dute liburua; izan ere, azken batean, osatu berri den Nafarroako Liburuaren Plataformako kideentzat, liburua osasuntsu egon dadin, garrantzitsuena da jendeak irakur dezala. Horixe izango da beraz, haien jomuga nagusia.  

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!