Alkoholaren kontsumoa altua da Nafarroako gazteen artean

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 13a, 17:34

‘Estudes’ inkestaren egin die Nafarroako Gobernuak 4 eta 18 urte arteko gazteei. Emaitzen arabera, alkoholaren, tabakoaren eta cannabisaren kontsumoa jaitsi egin da. Kezkagarriak diren kontsumo "adiktibo" berriak antzeman direla nabarmendu dute.

Alkohola da gazteen artean gehien kontsumitzen den droga. Hala jakinarazi du gaur Nafarroako Gobenuak, bigarren hezkuntzako ikasleen droga-erabilerei buruzko ESTUDES 2018/2019 inkestaren aurkezpenean. Hamar ikasletik lauk modu intentsiboan kontsumitzen dute alkohola (asteburuetan, jaietan...) eta hamar ikasletatik zazpik modu erregularrean edaten dute alkohola.

Osasun Publikoak ohartarazi du "adiktiboak izan daitezkeen" kontsumo berriak antzeman dituztela gazteen artean: dirua erabilita egiten den jokoa (%28,2 presentziala eta %11 online), Internetaren erabilera konpultsiboa (%16,5) edota zigarro elektronikoen erabilera (%10).

52 ikastetxetako 2.353 ikasleri egin zaie alkohol, tabako eta cannabisaren kontsumoaren inguruko inkesta. 14 urterekin hasten dira gazteak bataz beste tabakoa eta alkohola kontsumitzen, cannabisa, berriz, 14,9 urterekin. Santos Indurain Osasun kontseilariak adierazi du gehiegizko kontsumoen aurrean gizarteak duen "permisibitate eta tolerantzia altua" landu beharra dagoela; batik bat alkoholarena. 

Alkohola

Beste substantzien artean alkohola da gehien kontsumitzen dena Nafarroan 14 eta 18 urte arteko ikasleen artean

  • 10 ikasletik ia 7k (%64,7 mutilak eta %66,2 neskak) kontsumitu egin du azken 30 egunetan. Kontsumo erregular hori %4 jaitsi da 2006tik.
  • 10 ikasletik ia 4k (%41,2 mutilak eta %42,6 neskak) aitortu du betekada edo binge drinking egin izana(5 edalontzi, kaña edo kopa edo gehiago ≤2 orduko denboraldian).
  • Mozkorraldi kopurua %30,3ko da. Adin horietan erdiak baino gehiagok bizitzan noizbait mozkortu dela aitortu du. 
  • 3tik ia 1ek 14 urte zituela mozkortu izana adierazi du.

Tabakoa

Tabakoa da gehien kontsumitzen den bigarren substantzia maiztasun-ordenaren arabera.

  • 4tik 1ek (%25,7) tabakoa erre du azken 30 egunetan. (2016an %29,7).
  • Eguneroko kontsumoa (intentsiboa) %10,1ekoa da (%9,2 neskak eta %11 mutilak), 2016ko zenbatekoa baino apur bat altuagoa (%9,7)

Cannabisa

  • Cannabisa 5etik 1ek kontsumitu du azken 30 egunetan (%25,3 mutilak eta %15 neskak),
  • Kontsumo intentsiboa %4,2koa da (arazoak dituzten kontsumitzaileak edo arrisku handikoak CAST Eskalan).
  • Cannabisa tabakoarekin nahastuta kontsumitu ohi da gehien (%89,5); beraz, cannabisa kontsumitzeko arriskuei tabakoarekin loturikoak gehitu behar zaizkie.
  • Kokaina edo heroina bezalako bestelako substantziak galdetutakoen kopuru oso txiki batek hartzen ditu.

Kontsumo berriak

  • Azken 30 egunetan, zigarro elektronikoak kontsumitu ditu gazteen %10,2ak (%14,1 mutilak eta %6,5 neskak)
  • CIUS eskalaren arabera (Compulsive Internet Use Scale), Internetaren erabilera konpultsiboa %16,5ekoa da (%11,3 mutilak eta %21,9 neskak). 14 urterekin, erabilera konpultsiboa %13,7koa da, eta kopurua igotzen doa 16 urtera bitarte, hor jaisten hasten baita. Helduen orrialdeen bisiten zenbatekoa, astean, %38,8koa da mutilen kasuan eta %4,4,koa neskei dagokienean.
  • Bideojokoen erabilera altua da (%79).
  • Diruarekin egiten den joko presentziala %28,2koa izan da 14 eta 18 urte arteko nerabeen artean, azken 12 hilabetetan (%38,8 mutilak eta %17,5 neskak). Aldiz, diruaren bidez online egiten den jokoaren presentzia azken 12 hilabetetan %11koa izan da (%18 mutilak eta %4,1 neskak). 2014ko datuekin alderatuta, apur bat igo egin dira bi kontsumoak, mutilen kasuan altuagoa da eta adinarekin gehitzen doa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!