Nafarroako Gobernuak lehen Bizikidetza Plan Estrategikoa sortuko du datozen hilabeteetan

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 13a, 12:48

Plan horrekin, gobernuak "berdintasunean eta askatasunean" oinarritutako bizikidetza bat bilatzen du, zeinarekin Nafarroa “plurala eta giza eskubideekiko errespetuzkoa” izango den.

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak gaur goizean aurkeztu du Nafarroako lehen Bizikidetza Plan Estrategikoa sortzeko proiektua. Hura garatzeko, lehenik diagnostiko bat egingo dute, ondoren lehen zirriborroa proposatuko dute, eta azkenik, 2021eko urte hasierarako plana prest izatea aurreikusten dute. Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariaren hitzetan, plana “mugarria” izango da gobernuaren politiketan.

Plana parte-hartze prozesu baten bitartez sortuko dute, eta inpikatutako departamentuek ez ezik, toki erakundeek, elkarteek, alderdi politikoek eta herritarrek parte hartuko dute. Dagoeneko nahi duen orok bere iritzi eta hausnarketak eman ditzake Nafarroako Gobernu Irekiaren webgunean, eta aurrerantzean lan batzordeak eta parte hartze foroak antolatuko dituzte.

"Inoiz baino beharrezkoagoa"

Ana Olloren hitzetan, mezu “xenofoboak, aporofoboak eta aniztasunaren aurkakoak” espazio publikoetan zabaltzen ari diren garaiotan, “inoiz baino beharrezkoagoa” da halako plan baten sorrera, gizarte eskubideak defendatzeko tresnak sortzeko.

Edukiari dagokionez, kontseilariak azaldu duenez, planak aintzat hartu beharko du “iraganarekiko kritikoa den eta biktima guztientzat inklusiboa den memoria baten garapena”, eta estrategiak izan beharko ditu “identitate askotarikoen arteko bizikidetza errazteko eta pertsona guztientzako berdintasuna ahalbidetzeko, haien generoa edozein dela ere”.

Era berean, komunitateko pertsona guztien “erabateko integrazioa” bermatu beharko du, eta “errealitate etniko, kultural eta erlijioso guztien ikuspegi integrala” izan. Eta, azkenik, hezkuntzaren arloan apustu “irmoa” egin beharko du, eta “programa berritzaileak” sortu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!