Nafarroako Errealitate Sozialaren behatokiak enpleguaren diagnostiko bat egin du, hainbat iturri estatistikotik abiatuta. Arreta fokuak aztertu ondoren, zenbait erronka zehaztu ditu, eta Enplegu Planaren sorrera errazteko lan ildo batzuk proposatu ditu. Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko kontseilariaren arabera, diagnostikoa abiapuntu “egokia” da Enplegu Plana garatzeko, eta jakinarazi duenez, plana uda baino lehen aurkeztea aurreikusten dute.
Erronkei dagokienez, lau ataletan banatu dituzte: produkzio eredua, langabezia, lan merkatua eta erronka demografikoa.
Manu Aierdik erronka demografikoetan jarri du fokua bereziki, kezkagarria iruditzen baitzaizkio azken urteetan jazo diren aldaketak. Izan ere, txostenak erakutsi duenez, Nafarroako populazioa oso zaharkiturik dago: zahartze-indizea 127koa da (2010ean jada altua zen, baina txikiagoa: 114), eta 64 urte eta gehiagoko biztanleak %20 dira. Horrek belaunaldien arteko erreleborako zailtasunak dakartza. Hor, datu adierazgarri bat da lanean direnen %19k 54 urte baino gehiago dituztela.
Horrekin batera, beste bi faktore garrantzitsu dira, batetik, landa eremuetako populazioren zahartzea eta maskuliniazazioa -Maskulinizazio-indizea, Pirinioetan 122koa da, Prepirineoan 114koa, eta batez bestekoa 98koa-, eta immigrazioaren pisuaren ezberdintasunak eskualdeka. Azken horri dagokionez, Nafarroan, 2019an atzerrian jaiotako biztanleen pisua %15,2koa zen, Erriberakoa %17,4koa eta Goi Erriberan %20,4koa.
Produkzio ereduen erronkei dagokienez, txostenak erakutsi du krisiaren aurreko enplegua berreskuratu den arren, prekarietatea ere hazten ari dela. Azpimarratu dituzten faktoreen artean daude enpleguak gizarteratzeko eta integratzeko duen eginkizunaren galtzea edo langile pobrearen figuraren sorrera, lan-merkatuaren segmentazioa, prekarietate egoeren luzatzea, edota langilearen prestakuntzaren eta enpresaren eskakizunen arteko desoreka.
Bestalde, horiekin oso lotuta daude enpleguari lotutako erronkak. Analisiak erakutsi du behin-behinekotasunak gora egin duela eta lanaldi partzialak ugaritu direla. 2019an erregistratutako kontratu guztietatik %39,2 astebete edo gutxiagoko iraupena zuten, eta% 28,8ko lanaldi partzialak ziren. Behin-behineko kontratazioak, gainera, ugariagoak dira sektore publikoan: behin-behinekotasun tasa %26koa zen 2019an, %36,7koa sektore publikoan eta %23koa pribatuan. Halaber, langabeziak eta prekarietateak gogorragoak izaten jarraitzen dute emakumeen eta etorkinen artean. Azken horrekin lotuta, bi datu: 2019an Nafarroan lanean ari ziren emakumeen % 83 zerbitzuen sektorean ari zen, eta lanean ari ziren hamar atzerritarretik bi lehen sektorean ari ziren.
Azkenik, enplegu gabeziari dagokionez, azpimarratu dute, behera egin arren ez dela iritsi 2008ko tasara: langabezia tasa %8,2koa zen 2019an, eta 2008an %6,8koa izan. Bestalde, gero eta epe luzeko langabe gehiago dago -langabeen% 33, gutxi gorabehera, iraupen luzeko langabeak dira-, kolektibo zaurgarrienetan -50 urtetik gorakoak, hezkuntza-sistematik kanpoko gazteak, etorkinak…- langabezia handiagoa da, eta ezberdintasunak daude eskualdeen artean.
Horiek dira Nafarroako Errealitate Sozialaren Behatokiak egin duen enpleguaren analisitik ateratako datu batzuk; baina txostena osorik irakur daiteke behatokiaren webgunean.